Sagardoaren kultura, euskal mugak gaindituz

Kronika - Erredakzioa 2016ko api. 23a, 02:00

Argentina konkistatzera joan da Bego Zubia eta bere lantaldea, Sagardoa Bidegile dokumentala besazpian hartuta. Zehazki, Buenos Aireseko BAFICI nazioarteko zine-jaialdian parte hartu du dokumentalak, eta gaur eskainiko dute azkeneko aldiz Village Recoletako zine-aretoan.

Hernanira buelta, datorren astean
Argentinako zine-aretoak liluratu ondoren, Euskal Herrira egingo du buelta, Hernani eta Astigarragako hainbat sagardotegietan grabatutako dokumentalak. eta lurreratze hori arinagoa izan dadin, Hernanin bertan egingo dute aurreneko geldialditxoa Sagardoa Bidegile dokumentaleko protagonistek. 
Dokumentala ikusi nahi duenak, beraz, datorren asteartean aukera bikaina izango du Biteri kultur etxean. Arratsal­deko 19:30etan izango da saioa, eta hori bukatuta, sagardoa eta pintxoa eskainiko du Gipuz­koako Sagardogileen Elkarteak.

Argentinako BAFICI zinemaldian eman dute dokumentala gaur arte.

Sagardoaren kulturan zehar
Bego Zubia zuzendari arrasatearraren eskutik, sagardoaren kulturan zehar bidaiatzea du helburu dokumentalak: «Urte­an lau hilabetez, urtarriletik apirilera, euskal sagardotegiek milaka pertsona erakartzen dituzte, bertakoak zein kanpokoak. Tradizioa bete nahi dute denek: tortilla, bakailaoa, txuleta eta gazta jatea, eta txotxera deitzen duen ahotsa entzundakoan sagardoa edatea. Tradizio modernoa da hau, baina erro sakonak ditu».

Hernani eta Astigarragako herritarrak eta sagardogileak, protagonistak
Dokumentala egiteko, Hernani eta Astigarragako herritar eta sagardogileen laguntza izan dute, bertan azaltzen dira, besteak beste: Iparragirre sagardotegiko Arantxa Egu­zkitza, Ze­laiako Oihana Gan­zerain, Za­piaineko Miguel Zapiain, Petritegiko Ainara Otaño, eta Bereziartuako Aitor eta Jose Miguel Bereziartua. Baita Jon Torre Astigarragako historiagilea, Hernaniko Kantuz Abes­batza, Aritz eta Simon Goikoetxea, eta Aitor Beltran eta Ander Barrenetxea txalapartariak ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!