Etzi beteko dira hiru urte, Bangladesheko Rana Plazan sarraskia gertatu zela: «baldintza krudeletan lanean ari ziren eraikina erori, eta 1.130 emakume hil eta 2.000 baino gehiago zauritu ziren», gogoratu du Hernaniko Bilgune Feministak.
Gertaera gogora ekartzeko eta ehungintzako emakumeek dauzkaten lan-baldintzak salatzeko, deialdia egin dute Emakumeen Mundu Martxak eta Arropa Garbia Kanpainak: «14 orduko lanaldiak, miseriazko soldatak, gutxieneko segurtasun baldintzarik ez duten eraikinak... dauzkate, enpresa multinazional hauek munduko milioika emakumeen lanarekin aberasten jarraitzen duten bitartean», salatu dute.
Ehungintzako emakumeen lan baldintzak salatzeko, deialdia egin dute, bihar eguerdirako.
Donostiako H&M dendaren aurrean zita, 12:00etan
Bihar deitu dituzte elkarretaratzeak, 12:00etatik 13:00etara, Euskal Herriko herri eta hirietako plazetan, eta ehungintzako multinazionalen atarietan: Arropa (ber)erabili elkartasun azokak egiteko. Asmoa da, erabilitako arropa edo erabiltzen ez dena eramatea, «salatzeko mezuak» idaztea bertan, eta soka batean eskegitzea.
Donostiako H&M dendaren aurrera joateko dei egin diete hernaniarrei, 12:00etan.