Mallorcatik etorritako musikariek jarriko diote doinua gaur, Biteriko arratsaldeari. Muro herriko xeremierrak izango dira bertan, 19:30etan hasita, kontzertu berezia emateko. Bihar, berriz, Oiartzunen joko dute, Ergoiengo Auzokalten 18:30etan, Hernaniko txistulariekin batera; eta igande eguerdian, dantza giroa jarriko dute Oiartzungo plazan.
Izan ere, elkartruke baten ondorioz etorri dira; Oiartzungo Herri Musika Eskola, Hernaniko Musika Eskola eta Es Reguinyol taldearen artekoa. Apirilaren hasieran izan ziren Mallorcan, bi talde gipuzkoarrak; eta balearrak etorri dira oraingoan.
Mallorcako herri musikan, instrumentu nabarmenenak
1999an elkartu zen heldu talde bat Muron, xeremia eta flabiola jotzen ikasteko, Rafael Moll irakaslearekin. Taldea indartzen joan da urteotan, eta hogei lagun dira egun.
Mallorcako herri musikaren instrumentu nabarmenenak dira xeremia eta flabiola: zakua daukan gaita bat da aurrenekoa, eta hemengo txistua bigarrena, bost zulokoa, danbolin txiki batez lagundua.
Biak jotzen dituzten musikariek osatzen dute xeremier talde bat, Mallorcan oso sustraitua, eta dantza eta festa gehienetan musika jarri duena. Alaia eta distira haundikoa da bere soinua, eta 70eko hamarkadatik hona, bultzada berria hartu du.