«Etxetik noiz edo noiz asmatu izan nuen, baina oso zaila da ezaguna zaizun gai bat tokatzea finalean»

Kronika - Erredakzioa 2016ko api. 23a, 02:00

Bitan eraman duzu zakua. Espero zenuen ala etsita zinen jada?
Ez nuen inondik espero. Etxetik noiz edo noiz asmatu izan nuen, baina oso zaila da ezaguna zaizun gai bat toka­tzea finalean. Behin aurrenekoa eraman nuenean helburua betetzat eman nuen, baina bigarrena eramatea sekulako ezustea izan zen, are gehiago gaia zein zen kontuan hartuta.

Nolatan eman zenuen izena programan? Hain urruti iritsiko zinela uste zenuen?
Asko gustatzen zaizkit telebistako lehiaketak, eta bereziki Burubero. Bere garaian Mihi­luzera joatekotan egon nin­tzen, baina bukatu egin zen eta Hizka-Mizka saiora joan nin­tzen. Ordutik, nire zenbakia gordeta zeukaten eta deitu egin zidaten parte hartu nahi nuen galdetuz. Nire lehen helburua saio bat baino gehiago graba­tzea zen, urduritasunak alde batera uzteko. Pixkanaka ikusi nuen nahiko ongi moldatzen nintzela, baina hala ere ez nuen espero zakua eramango nuenik.

Aurreneko zakua irabazi zenuenean, azkeneko proba erabakigarria izan zen. Zaila izan zen satorra edo infiltratua aurkitzea? 
Zaku horretako 4 galdera ia ziur nekizkien, baina beste biak zorte kontua izan ziren. Kaliforniako hirien galderan banekien Santa Barbara bazegoela, baina beste bien artean zalantza nuen eta San Roman aukeratu nuen. Azkenekoan, berriz, pentsatu nuen autoaren izena hiri ezagun bati jarriko ziotela, eta horregatik erabaki nuen Getari zela satorra. 

Azkeneko zakuan, aldiz, Justin Bieberri buruz galdetu zizuten…
Gaia entzun orduko pentsatu nuen ezinezkoa izanen zela zakua eramatea, baina umorez hartu nuen. Behin galderak erantzunda, konturatu nintzen uste baino gehiago nekiela berari buruz, oso pertsonai mediatikoa baita. Hala ere ez nuen espero inondik ere zakua eramatea, asko jota 3-4 eran­tzun on izatea baizik.

«Entrenamendurik onena egunero albistegiak ikustea da»

Programara joan baino lehen etxean trebatu zinen?
Entrenamendurik onena egunero albistegiak ikustea da, egunerokotasunari buruzko galdera asko agertzen baitira.
8200 euro poltsikoratu dituzu.

Zertan gastatuko duzun ba al dakizu?
Langabezian nagoenez, zati bat aurreztu eginen dut, baina zer edo zer gastatuko dut drone bat erosten. Aspalditik neukan bat edukitzeko gogoa baina oso garestiak izaten dira. Hala ere geratzen zaidanarekin bidaiaren bat egiteko asmoa dut, baina oraindik ez dut erabaki nora.

Programan jarraituko duzu. Zein da zure helburua hemendik aurrera?
Orain arte bezala ondo pasa­tzea eta jende jatorra ezagu­tzen jarraitzea. Eta ahal baldin bada diru pixka bat gehiago ere irabaztea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!