Biterin, apirilaren 27ra arte ikusi ahal izango da Sagardo ibaiak, bizitza iturri erakusketa. Atzo aurkeztu zuten Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, Jesus Mari Santos Astigarragako alkateak, Alaitz Aizpurua Usurbilgo zinegotziak, Mari Jose Telleria Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusiak eta Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendariak.
Hain zuzen, «Sagardoaren Lurraldearen barruan hiru Udalek sinatutako hitzarmena eta Donostiako Aquariumarekin elkarlana» azpimarratu zituen Luis Intxauspek, «Urumeak eta Oriak sagardogintzaren inguruan eta honen garraioan izandako garrantzia jasotzen duen erakusketa hau osatzeko orduan».
Ondoren, bisita gidatua izan zen Lourdes Odriozola historialariaren eta Alex Larrode Donostiako Aquariumeko museo saileko kordinatzailearen eskutik.
Bisita gidatuak, debalde
Erakusketa egunero irekiko da, hilaren 27ra arte: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara; larunbatean, 11:30etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandean, 11:30etatik 13:00etara. Horrez gain, bisita gidatuak izango dira egunero, 19:00etan, debalde. Era berean, goizetan ikastetxeetako ikasleek ezagutuko dute erakusketa. Bestalde, maiatzean, Usurbilen jarriko da erakusketa; irailean, Astigarragan; eta 2017an, Donostiako Aquariumean.
Santa Catalina, Ergobia eta Hernaniko Portu
Erakusketan hainbat ezagutza azaleratu nahi izan dira; adibidez, Urumea eta Oria ibaiek izandako garrantzia, sagardoa, burnia edota egurra garraiatzeko eta barnealdearekin eta Nafarroarekin harremana lotzeko. Hain zuzen, ibilbide horretan oso garrantzitsuak ziren Santa Catalina portua, Ergobiakoa, eta Hernaniko Portu. Baina Hernanin baziren beste 6 portu ere. Larunbateko Kronikan, informazio gehiago.
Igandean, ibilaldia
Informazioa osatzeko, ibilaldi gidatua ere egingo da igandean, 10:00etan Astigarragatik abiatu eta Hernanira. Izena emateko: 943 55 05 75/info@ sagardoarenlurraldea.com.