Hondakin sistemaren inguruko galdeketaren ostean, Mikel Duranek, PSE-EEko ordezkariak prentsa oharra bidali du Kronikara astigartarrei eskerrak emateko asmoz: «partehartzea ikaragarrizkoa izan da. Azpimarratu nahi nuke, baita ere, herritarrek erakutsi duten jarrera gizatiarra».
«Edukiontzi sistemaren alde egin dute»
Astigartarrek edukiontzi sistema aukeratu dutela gogorarazten du PSE-EEko bozeramaileak prentsa oharrean: «EH Bilduk aurreko legegintzaldian inposatutako atez ateko sistemaren aurrean, edukiontzien sistema nahiago dutela azaldu dute astigartarrek. Bosgarren edukiontzien sistemak argi eta garbi irabazi du, %59,22ko babesarekin. 1.640 astigartarrek aukeratu dute bosgarren edukiontzia. Guztira 2.769 herritarrek hartu zuten parte kontsultan, eta atez atekoarekin segi nahi zutela 1.109k bozkatu zuten, %40ak hain zuzen».
«Astigartarrek ingurumenarekin duten kontzientzia azpimarratu nahi dut»
Duranek prentsa oharrean azpimarratu nahi izan du, astigartarrek ingurumenarekiko duten kontzientzia: «ingurumenarekin kontzientzia argia dutela erakutsi zuten. Astigartarrek birziklatu nahi dutela erakutsi zuten, baina beste bilketa sistema bat erabilita, erosoagoa, garbiagoa eta ekonomikoki bideragarria izango dena, Udaleko kutxak hipotekatuko ez dituena».
«Sistema berriak erraztu egingo du hondakinak sailkatuta botatzea»
Duranek dio astigartarrek orain herritarren nahia errespetatzen duen bilketa sistema izango dutela: «eta gainera, sistema berriak erraztu egingo du hondakinak sailkatuta botatzea. Orain, gobernu taldeari eskatzen diogu sistema berria lehenbailehen jartzea martxan, eta San Markorekin pausuak ematea edukiontziak jarri eta kamioei rutak egokitzeko».