Edukiontzi sistema aukeratu dute astigartarrek

Kronika - Erredakzioa 2016ko api. 18a, 00:31

ASTIGARTARREK hondakin sis­tema aukeratzeko botoa eman zuten atzo. Edukiontzi sis­temaren alde egin zuen he­rritarren gehiengoak, bo­toen %59,23arekin (1.640 herritar); atez atekoaren alde %40,05ak (1.109 herritar). Boto txuriak hi­ru izan ziren; eta balio­gabeak 17.
4.692 herritar zeuden bo­toa ematera deituta atzo, eta  2.769 gerturatu ziren uda­let­xe­ra, aukeraketa egitera; %59,02a.

«Bi hilabeteko epean saiatuko gara
martxan jartzen»

2013ko apirilean jarri zen martxan atez atekoa Astiga­rra­gan. Atzoko emaitzen os­tean, Udalak azaldu zuenez, 2 hilabeteko epean jarri nahi dute edukiontzi sistema martxan: «ahalegina egingo dugu ahalik eta azkarren jartzeko. Bi hilabeteko epea kalkulatzen dugu».
Hemendik aurrera eman beharreko pausuak bi direla azpimarratu zuten: «batetik, bilketa egingo duen enpresa zein izango den zehaztu behar da. Garbitaniari egin zaio eskaintza; eta besteei ere egingo zaie. Bestetik, orain arte hondakinak bil­tzen aritu diren langileak man­tendu nahi dira; eta bide horretan egingo dugu lana».

Alderdien balorazioa
Emaitzak jakin ostean, Kro­nikak Udalean ordez­ka­ritza duten hiru alderdiei eskatu zien balorazioa egiteko. Segidan, hiruen iritziak: EAJ eta PSE-EErenak lehendabizi, edukiontzi sistemaren alde daudelako; eta EH Bildu­rena ostean, atez atekoarekin al­dekoak direlako.

Jesus Mari Santos, EAJ: «Herritarrei hitza eman diegu eta pozik gaude egin duten hautuarekin»
Balorazioa egiteko eskatuta, egun polita izan zela az­pi­marratu zuen Jesus Mari Santosek atzo; Alkatea eta EAJko bo­zeramailea da Santos: «egun oso po­lita izan da. Az­kenean lortu dugu guk nahi ge­­nue­na, jendeari hitza ema­tea. Hauteskunde kanpainan hala esan genuen, herri­tarrei hitza emango geniela eta bozketa hau egingo genuela. Emaitzak oso onak dira, botoa ematera %60a etorri baita».
Pozik azaldu zen, he­rri­tarrek edukiontzi sistema au­keratu zutelako: «era be­rean, pozik gaude herrita­rren hau­tuarekin. Guk bos­garren edukiontzia nahi genuen, eta lortu egin dugu».
Azkenik, datozen pau­sue­taz hitz egin zuen Santosek: «Orain lantzen hasi beharko da bosgarren edukiontziaren sis­tema martxan jartzeko prozesua. Hurrengo pausua da, bilketa egiten duten en­presekin hitz egitea. Garbi­tania eta San Marko­sekin hitz egingo da, beraiek baitira hemengo bilketa egiten duten bi enpresak».

Mikel Duran, PSE-EE: «Bosgarren edukiontziaren sistema ahalik eta azkarren jarri behar da martxan»
Herritarren partehartzea na­bar­mendu zuen Mikel Du­ranek, PSE-EEko bo­ze­ra­mai­le­ak, balorazio hasieran: «Has­te­ko astigartarrak zo­rio­n­du nahi ditut parte hartu iza­nagatik. Ia 2.800 lagunek hartu dute parte, erroldaren %59,02ak».
Emaitza argia izan dela gai­neratu zuen: «Emaitza argia da; herritarren %59,23­ak bosgarren edukion­tzia au­keratu du; eta egungo sis­temaren alde, atez ate­koaren alde, %40,05ak egin du».
Azkenik, azaldu zuen hemendik aurrera guztiek traineru berean egin behar dutela arraun: «Hemendik aurrera guztiok zentzu be­rean egin behar dugu lana. Bos­garren edukiontziaren sistema ahalik eta azkarren jarri behar da martxan; traineru berean egin behar dugu arraun, emaitzak argiak baitira.
Eguna eredugarria izan zela azpimarratu zuen Du­ra­nek: «Bukatzeko, azpima­rra­tu nahiko nuke gaurko egu­na eredugarria izan dela; ere­dugarria izan den mo­duan zortzi hilabete hauetan pro­zesua diseinatzeko egin den lana».

Andoni Gartzia, EH Bildu: «Lanean jarraituko dugu %80eko birziklatze tasatik
ez jaisteko»

Andoni Gartziak, EH Bilduko bozeramaileak, herritarrak zorionduz hasi zuen ba­lo­razioa: «zorionak eman nahi dizkiet herritarrei ger­turatu direlako. Parte hartze nahiko ­altua izan da. Eskerrak gure aukera ba­bestu duten her­ritar guztiei eta kanpaina ho­netan laguntzen aritu diren herritar ezberdinei: Garbitaniako lan­gi­leei batik bat, EH Bilduko kideei eta herritarrei».
Emaitzari dagokionean, balorazio positiboa egin zuen EH Bilduko bozeramaileak: «eta emaitzen inguruan esan, balorazio positiboa egiten du­gula. Gure asmoa, hasieratik, atez atekoa tresna gisa erabiltzea izan da, birziklatze emai­tzak lortzeko. Orain sistema aldatuko da herritarrek hala erabaki dutelako, eta gure asmoa hasierako berdina izango da: %80an manten­tzea birziklatze tasa. Guk atez atekoarekin lortu dugu hori, eta orain bos­garren edukiontziarekin edo beste sis­tema batekin lortzen ba­da, ongi etorria izango da».
Azkenik, hemendik au­rre­ra­ro erronkak ere, azaldu zituen Gartziak: «gure lana eta erronka izango da, sis­tema diseinatzea, oraindik ez bai­tago erabat diseinatua; eta bestetik, lan egitea por­tzentaje horiek ez jaisteko».  yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!