«Ostiralero Hernaniri bizitza ematea eta ahal den jende gehien herrian gelditzea» du helburu, Berriak, Hernaniko Merkatari eta Ostalari elkarteak ostiral honetatik aurrera mar-txan jarriko duen kanpainak, Hernaniko Udalaren eta Bergara aretoaren elkarlanari esker.
Ostiralero, Zinea eta Afaria bonoak salduko dira; 9,50 euroren trukean, kanpainarekin bat egin duten herriko bost tabernatako batean afaldu, eta Biterin dagoen pelikula ikusteko aukera izango da.
Bost taberna, aukeran
Bonoak bost taberna hauetako batean erosi ahal izango dira: Aralar, Tripontzi, Goiz Argi, Kixkal eta Joxe Mari.
Ondoren, bono horrekin Biteriko 22:30etako saioan jartzen duten pelikula ikusi ahal izango da.
Tabernetan, menu bereziak
Kanpainan parte hartzen duten bost tabernek menu bereziak prestatu dituzte. Aralarren aukeran izango dira: xolomo, hirugihar edo oilasko bokatak, gazta eta piperrekin, edo sandwich mixto oso begetala. Kixkalen: oilasko hegoa patatekin. Tripontzin: mejilloiak tomatearekin edo saltsa berdean. Joxe Marin: rabak, oilasko hegoak edo kroketak. Eta Goiz Argin: patata erreak, bokata begetala, sandwich mixto begetala, edo xolomo edo oilasko bokata, gazta eta piperrekin edo bokata mixtoa piperrekin. Edariak ere aukeran izango dira. Informazioa: www.hernanidendak.eus.