Galdeketari buruzko informazio guztia, udaletxeko webgunean eskuragarri

Kronika - Erredakzioa 2016ko mar. 5a, 01:00

Dagoeneko egin da deialdia, hondakin bilketa sistema au­keratzeko herri galdeketa egiteko. Apirilaren 17an egingo da, goizeko 09:00etatik iluntzeko 20:00ak bitartean, udaletxean. Guztira, 6 mahai jarriko dira, abizenen arabera banatuta.
Honi buruzko informazio guztia udaletxeko webgunean dago: www.astigarraga.eus.

Txostenak, eskura
Udaletxeko webgunean zintzilikatutako bandoan zehazten denaren arabera, herri galdeketan galdera bakarra egingo da: Zer hondakin bilketa sistema nahi duzu? Eta bi erantzunen artean aukeratu beharko da: a) Edukiontzi sistema (organikoa eta errefusa itxita); b) Atez atekosistema (gaur egungo sistema).
Bi aukeren inguruko informazio guztia biltzen duten txostenak webgunean jarri dituzte: Garbitania eta San Markoren txosten tekniko eta ekonomikoak, kontu-hartzaileak egindako txostena zerbitzuen kostuei buruz eta ingurugiro teknikariaren txostena.

Aurretik bozkatzeko aukera
Astigarragan erroldatutako 16 urteko edonork eman dezake botoa, eta apirilaren 17an bozkatu ezin duenak, aurretik egiteko aukera izango du idazkaritzan, martxoaren 30etik apirilaren 12ra bitartean, 09:00etatik 13:30etara. Nortasun-agiria, pasaportea, gidabaimena edo atzerritarren nortasun txartela eraman beharko dira.
Dagoeneko idazkaritzan ikusi daiteke bozkatzera deitutakoen zerrenda, eta alegazioak egiteko aukera izango da hil honen 18ra bitarteko epean.

Galdeketa mahaian egoteko eskera epea zabalik
Bestalde, nahi duenak izena eman dezake galdeketa-ma­ha­ian egoteko. Idazkaritzan egin behar da eskaera, mar­txoaren 23ra arte, 09:00etatik 13:30etara. Mahai bakoitza osatuko da udal langile, zinegotzi eta herritar boluntario banarekin.
Informazio gehiago: 943 33 52 34/idazkaritza@astigarraga.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!