Zabalik dago 2015eko errenta aitorpenaren kanpaina, eta Buruntzaldeako Udaletako Euskara Zerbitzuek herritarrak animatu nahi dituzte, aitorpena euskeraz egitera: «errenta aitorpena egiteak etekina ekartzen dio gure gizarteari, diru horrekin hainbat zerbitzu bermatzen ditugulako. Baina gainera, euskeraz egiten badugu, beste etekin bat ere gehitzen diogu; gure hizkuntza eta hizkuntza hori erabiltzen dutenak indartzen ditugu», nabarmendu dute.
Azaldu dutenez, euskeraz egiten duten lagunen kopurua gora doa Buruntzaldeako eskualdean, pixkanaka.
Lehiaketa martxan: saria, bi lagunentzako otordua sagardotegian
Joera hori mantendu eta kopurua haunditzeko asmoz, lehiaketa jarriko dute martxan Facebooken, Buruntzaldeako orrialdean, aurreko bi urteotan bezala. Mezua elkarbanatzen dutenen artean, bi lagunentzako otordua zozketatuko dute sagardotegi batean. Maiatzaren 17an egingo dute zozketa.
Euskeraz egiteko aukera, hiru modalitateetan
Errenta aitorpena egiteko hiru modu daude, eta gogorarazi dute, hiruretan dagoela aukera, euskeraz egiteko. Mekanizatua egiteko, apirilaren 15etik aurrera hartu daiteke ordua, eta eskatzeko momentuan, nahikoa da adieraztea euskeraz izan nahi dituzula harremanak. Berdin autolikidazio proposamena onartzean, euskeraz nahi duzula esan, eta hala bidaliko dizute agiria. Etzitik aurrera onartu daitezke proposamenak.
Eta internet bidez egiteko, apirilak 18tik aurrera, errenta programaren euskerazko bertsioa jaitsi dezakezu.
Informazio gehiagorako, sartu www.buruntzaldea.eus web orrian, edo joan Udaleko Euskara Zerbitzura.