Txapela soinean, Eskuz Banakakoa buruan

Kronika - Erredakzioa 2016ko api. 16a, 02:00

Aimar Olaizolak finalaren au­rretik aitortu zuen txapel guztiak direla bereziak, baina honek, Binakakoak, ilusioa egiten ziola. Larunbatean jokatu zuen Urru­tikoetxearekin batera Eskuz Bi­na­kako Txapelketa N­a­gusiko finala, eta lortu zuten desiratutako txapela. Irujo eta Rezus­taren kontra jokatu zuten finala, gogorra, tanto bikainekoa... bai­na partidua, azkenean, Irujoren le­sioak markatu zuen. 10-10 ber­din­duta zijoazela, pilota gaizki jo zuen Iberoko aurrelariak, eta inflexio puntua izan zen hura. Saiatu zen hatza ondo babestu eta finalarekin jarraitzen, baina ezin izan zuen. Olaizola II eta Urru­tikoetxea 16-10 aurretik zirela, bertan behera geratu zen finala. 
Olaizola gustura zen ordura arte egindako lanarekin. Larunbatekoa Binakakoan lortutako hirugarren txapela izan da goizuetarrarentzat. 

Nobedadeak, Eskuz Banakakoak
Astelehenean aurkeztu zuten urteko txapelketarik garrantzi­tsuena: Eskuz Banakakoa. 16 pilotarik hartuko dute parte, eta horietako bat izanen da Aimar Olaizola goizuetarra. Zortzi pilotari Aspekoak izanen dira, eta bes­­te zortzi Ase­gar­ce­ko­ak. Aur­re­neko partidua atzo jokatu zen; lau taldetan banatuta jokatuko da txapelketa. Aimar Olaizolak apirilaren 30ean izanen du es­trei­­nako partidua; final laurdenetan hasiko du txapelketa. D taldean ariko da: igandean, Arretxe II eta Irribarriak neurtuko dituzte indarrak. Irabazleak, Jau­na­rena izanen du aurkari, final zortzirenetan, apirilaren 24an. Eta partidu hori irabazten duenak Olaizola IIren kontra jokatuko du apirilaren 30an, Iruñean. Final haundia azken urteetako goiztiarrena izanen da: maiatzaren 29an jokatuko da.
Aurten gainera, bada nobedaderik. Nagusiena: pilotariek ezingo dutela kantxa utzi, araudian jasota dagoen arrazoiren batengatik ez bada; pilotalekua utziz gero, puntu bat kenduko zaie markagailutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!