Ahazteko moduko asteburua izango zen aurrekoa txirrindulari astigartarrentzat, Telmo Semperenaren borrokak jaso zuen sariagatik izan ez balitz. Lehiakortasunaren saria lortu zuen Eibarren, Otxoa Memorialean, Euskal Herriko txirrindulari onenen artean.
Saririk gabe geratu zirenak, lan haundia eginda ere, Tasio Semperena eta Jaime Romero izan ziren, Riberas de Loiolan, zorte txarra tarteko.
Eta jubeniletan, azkenik, bertan behera geratu zen Urko Semperenaren lasterketa, eroriko asko izan zirelako.
Matxura eta erorikoagatik, garaipenaren lehiatik kanpo
Alebin eta infantilek hasi zuten asteburua, Riberas de Loiolan, eta euripean egin zituzten bi lasterketak, oso-osorik.
Lasterketa buruan izan zen Tasio Semperena bukaerara arte, baina 600 metro falta zirenean, pedaletik atera zitzaion oina, eta garaipenaren lehiatik kanpo geratu zen. Tropeleko kide guztiek aurreratuta, 19garren sartu zen helmugan, haserre.
Ez zuen zorte hobea izan Jaime Romerok, infantiletan. Hainbat astetako bajatik bueltan, bikain mantendu zen dozena bat laguneko taldean, lasterketa buruan. Baina bi itzuli falta zirenean, juxtu aurrean erori zitzaion taldekide bat, eta gelditu behar izan zuen, berriz taldean sartzeko aukerarik gabe. 11garren iritsi zen helmugara.
223 txirrindulariren artean, saiatuena Semperena
Igandean, berriz, Euskal Herri osoko 223 txirrindulari elkartu ziren Eibarren, kadeteen Otxoa Memoriala lehiatzeko; tartean, bi astigartar: Telmo Semperena eta Tomas Otermin. Erorikoengatik, proba gelditu behar izan zuten 40 minutuz, eta berriz ekin ziotenean, protagonista izan zen Semperena. Ihes egin, eta lasterketa buruan izan zen, talde batean aurrena eta bakarrik gero. Eta harrapatu zutenean, berriro saiatu zen, beste eraso bati erantzunez.
Azkenean, 40 lagun geratu ziren aurreko taldean, garaipena esprintean lehiatzeko, eta nekeak neke, hor zen Semperena ere, 30garren. Bere saiakerek errekonozimendua izan zuten helmugan, eta lehiakortasunaren saria jaso zuen podiumean.
Oterminek ere lortu zuen proba bukatzea (126 bakarrik sartu ziren helmugan), eta 68garren izan zen.
Hortik gertu, Elgoibarren, jubenilen lasterketa abiatu zen, Urko Semperenarekin, baina ez zen bukatuko. Eroriko asko tarteko, eta anbulantzia faltan, bertan behera geratu zen lasterketa, 60garren kilometroan.
Lau zita, asteburu honetan
Gaur goizean, Zumaian ariko dira kadeteak. Jubenilek, berriz, zita bikoitza dute: Antzuolan arratsaldean, eta Zarautzen bihar arratsaldean. Alebin eta infantilak bihar goizean ariko dira, Irunen.