Astigarragako 4.691 herritar daude deituta bihar, hondakin bilketa-sistemari buruzko kontsultan parte hartzera. Hau da, 2016ko otsailaren 29a baino lehen, Astigarragan erroldatuta dauden hamasei urtetik gorakoak.
Zer hondakin bilketa sistema nahi duzu? galdera erantzuteko, bi aukera posible izango dituzte: kolore txuriko paperaren bitartez, edukiontzi sistemaren alde bozkatuko da (errefusa eta organikoa itxita); eta kolore berdeko paperarekin, atez ateko sistema aukeratuko da (gaur egun dagoen sistema).
Sei mahai, Udaletxean
Goizeko 09:00etatik aurrera izango da bozkatzeko aukera. Horretarako, herritar guztiak Udaletxera bertaratu beharko dira, bertan jarriko baitituzte bozkatzeko mahaiak. Denera sei izango dira, eta herritarrak abizenaren arabera sailkatuko dira.
Erroldan egoteaz gain, bozkatzeko papera hautesontzian sartu ahal izateko, behar-beharrezkoa izango da bakoitzak bere burua identifikatzea. Horretarako, nortasun-agiria, pasaportea, gidabaimena edo atzerritarren nortasun-txartela erakutsi beharko zaie mahaikideei.
Emaitzak, asteleheneko Kronika berezian
Biharko iluntzeko 20:00ak arte izango da bozkatzeko aukera, Udaletxean. Orduan, mahaiak itxi eta kontaketa hasiko da, eta mahai guztiak txoko berean daudenez, ez da espero kontaketa asko atzeratzea.
Kontsultaren emaitzekin, ale berezia argitaratuko du Kronikak, etzi bertan, astelehenean.
Aurrez, erroldaren %10ak
Kontaketa horretan, bihar jasotzen diren botoez gain, apirilaren 12a baino lehen, aurrez bozkatu duten 470 astigartarren bozkak ere kontuan hartu beharko dira. Erroldaren %10ak aukeratu du bide hori, hain zuzen ere.