Gaur bukatuko du Hernanik, bere aurreneko esperientzia jubenilen Liga Nazionalean. Eta nolako esperientzia, gainera! Estreinatu bakarrik ez, onenen pare aritu da Hernani, eta lan horrek sari potoloena jaso dezake gaur: Hernanik Antiguokori irabaziz gero, eta Getxok Leioaren zelaian galtzen badu, Espainiako Ohorezko Mailara igoko dira txuri-berdeak; Estatuko maila gorenera, alegia.
Izan ere, 57 punturekin dago Getxo, eta 54rekin Hernani, baina bien arteko gol-averagea hernaniarren aldekoa da. Berdinketa kasuan, beraz, txuri-berdeak igoko dira.
Helburu horrekin joango dira Beriora, gaur arratsaldeko 17:00etan. Antiguoko menderatzea da aurreneko pausoa.
Euskal Ligan, partidu zaila
Mailari eustea dauka helburu, bere aldetik, Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak. Arnas pixka bat hartuta daude, jaitsiera postuekin zazpi puntuko aldea dutela, bost partidu falta direnean. Baina ez daukate partidu errazena bihar, helburua gertuago izateko. Bizkerreren zelaian ariko dira, hirugarren sailkatuaren zelaian; Getxoko Boluen, 16:00etan.
Ohorezko Erregionalak, etxean
Zaleen aurrean arituko direnak, Ohorezko Erregional mailako mutilak dira. Getariako hartuko dute gaur, arratsaldeko 16:00etan, garaipena lortu eta sailkapeneko goiko postuetara begiratzen jarraitzeko helburuarekin.
Sei partidu falta direnean, seigarren dago Hernani, eta aukera badauka oraindik, gora egiteko: bi puntu aurretik dago Aloña Mendi, eta sei puntura Mutriku.