Euskal Herriko eta estatuko komiki lehiaketa zaharrenetakoa da Portugaleteko Uri Urena, eta Alai Zubimendi hernaniarrak irabazi du Komiki Tira kategorian, Memoria digital lanarekin.
Hirugarren aldiz saritua
Ez da Alai Zubimendik saria jasotzen duen aurreneko aldia. Komiki kategorian, euskarazko komiki onena saria jaso zuen 2013an, eta bigarren sari nagusia, 2014an.
Aurten, Komiki Tira kategorian parte hartu eta irabazi egin du. Memoria digital lanean «teknologia berriek gure garunen garapenean duten influentziaz» hitz egin du, «eta nola ari garen memoria gaitasunak galtzen, guztia telefono mugikorrean apuntatzen dugulako», azaldu du Zubimendik.
Sariak banatzeko, umorea, sarkasmoa, marrazkien kalitatea eta estilo narratiboa hartu dira kontuan, eta Zubimendi «arro» agertu da, 7 herrialdetako 150 lanen artean saria lortu duelako.