«Hondakinak erretzea asoziatzen da hilkortasunaren haunditzearekin»

Kronika - Erredakzioa 2016ko api. 14a, 02:00

Gipuzkoako Foru Aldun­dia­ren aurrean agerraldia egin zuen Erraustegiaren Kontrako Mugimenduak lehengo larunbatean, maiatzaren 29ko mo­bilizazioen berri emateko.
«Osasunaren aldeko eta erraustegiaren kontrako giza-kate bat, Onkologikoa eta Foru Aldundia lotuko dituena», osa­tzea da asmoa.

Erronka, 5.000 lagun biltzea
Bi puntu horien arteko distantzia 5km-takoa da, eta horregatik, metroko pertsona bat beharko dutela kalkulatuz, 5.000 pertsona biltzeko «erronka haundia» jarri dute. «Horregatik, herritarrei ekimen honetan parte hartzeko deia egiten diegu».
Ibilbidearen zergatia ere azaldu zuten. «Zergatik hasi On­kologikoan? Ez dugulako han bukatu nahi. Zergatik bu­katu Foru Aldundian? Bertan hasi daitekeelako behar baino pertsona gehiago Onko­lo­gi­koan bukatzera eraman ditzakeen bidea».

«Anbereseko erraustegiak ere eztanda egin zuen, ez aspaldi-aspaldi, joan den otsailean baizik»

«Datu zientifiko sendoak»
Mobilizatzeko arrazoiak ere eman zituzten, larunbateko agerraldian. «Badaudela da­tu zientifiko sendoak esateko hondakinak erretzea asozia­tzen dela minbizi-kasuen eta hilkortasunaren haunditzearekin, baita beste hainbat gaixotasun ugaltzearekin ere, erraustegi batetik 10 kilometroko inguruan bizi den populazioan».
Era berean, eguneratutako datuak daudela azpimarratu zuten. «Esaterako, Carlos III Unibertsitateko ikerketa-txostena, minbizia eta errausketa lotzen dituena, ez da orain de­la 20 urtekoa, ezta orain dela ha­mar urtekoa ere, 2014ko baizik, eta erraustegi modernoak ere kontuan hartzen ditu. Anbereseko erraustegiak ere eztanda egin zuen, ez aspaldi-aspaldi, joan den otsailean baizik».

Foru Aldundiak, «eufemismoa»
Bestalde, salatu zuten Foru Al­dun­diak duen jarrera. «Ener­gia balioztatzeko planta  eufemismoa motz geratu omen zaie, eta, trukean, Gipuzkoako Ingurumen Konplexua esaten hasi dira, konplexurik gabe. Norbaitek gauzak bere izenez ez deitzeko hainbeste esfortzu egiten duenean, logikoa da herritarrok pentsatzea ziria sartu nahi digutela».
Era berean, Erraustegiaren Kontrako Mugimenduak salatu zuen Foru Aldundiak «en­pre­sa pribatuen esku» utzi nahi duela erraustegiarekin ze­rikusia daukan guztia. «Ku­txa publikotik zein herritarron poltsikoetatik sekulako dirutza atera eta esku pribatuetan uzteko lankidetza publiko-pribatuaren bidez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!