Uztailean goizak udalekuetan pasatzeko aukera ematen du Udalak, eta dagoeneko, irekita dago izenemate epea. Apirilaren 26ra arte egin ahal izango dira eskaerak.
Bi udaleku mota, adinaren arabera
Ekainaren 29tik uztailaren 22ra arte, biak barne, 3 eta 10 urte bitartekoentzako udalekuak izango dira, astelehenetik ostiralera, 09:30etatik 13:00etara.
Uztailaren 4tik 22ra bitartean, berriz, bost eta seigarren mailako ikasleentzako, hau da, 11-12 urteko haurrentzako kirol udalekuak izango dira. Denetik egiteko aukera izango dute: errugbia, piragua, eskalada, jolasak... Hauek ere, astelehenetik ostiralera, 09:30etatik 13:00etara izango dira.
Izenemateak, eskolan edo udaletxean
Bi udalekuetarako izenemate epea irekita dago, apirilaren 26ra arte. Matrikula 95,30 eurokoa da udaleku bakoitzean, baina badaude hobariak.
Herriko ikastetxeetan ikasten dutenek bertan entregatu behar dute izenemate orria. Gainontzekoek, Udaleko Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ), 08:00etatik 19:00etara, edo telefonoz: 943 33 70 00. Informazio gehiago eta eskaera orriak, euskara zerbitzuan: euskara@hernani.eus/943 33 70 29.