«Elizak historian zehar erakunde ahaltsu baten irudia erakutsi du eta horrek jendea aldendu du»

Kronika - Erredakzioa 2016ko api. 2a, 02:00

Aste Santua pasa berri den honetan, nola bizi dute hernanirrek? 
Elizaren inguruko ospakizunetara, oraindik ere badator jendea, nagusia batik bat. Hala ere, Ostiral Santu egunean, Santa Barbarara egiten den Gurutze-bidean adineko zein sasoiko pertsonak elkartzen dira giro onean.
Erramu igandearekin Aste Santuari hasiera ematen diogu eta erramuak etab. bedeinka­tzera ere hurbiltzen da jendea. Baina, kopurua ez da garai ba­tean bezalako jendetsua, nos­ki.

Herritarrek ba al dakite zer ospatzen den Aste Santuan?
Bai, jende nagusiagoak baietz uste dut. Baina, ez hainbeste belaunaldi gazteagoek. Ospa­kizu­naren inguruko kristau ohiturak galtzen ari dira, bai familian eta bai ikastoletan ere. Aste Santuaren jatorriari buruz ez zaiela gehiegi hitzegiten iruditzen zait.
Horrekin lotuta, kristau el­kar­te batek badu zeregina. Guk, ahal duguna egin behar dugu Jesusen oroimena mantentzeko eta belaunaldi berriei helarazteko. Hori bai, mezua iristea nahi badugu, jarduteko modua aldatu egin behar du­gu, denborak aldatu diren be­za­la. Ez dugu dok­trinan horrenbeste sartu behar; aintza­kotzago hartu behar dugu giza-bizitza.

«Kristautasunaren mezua iristea nahi badugu, jarduteko modua aldatu behar dugu» 

Eliza denbora berrietara egokitzen ari da?
Asko. Nire ustez, asko lantzen ari den gauza da. Elizatik bidaltzen den mezua desberdina da, egun. Helburua ez da horrenbeste historia behin eta berriz errepikatzea edo beldurra sartzea, baizik eta ebanjelioaren mezua eta kristau baloreak eguneroko bizitzara ekartzea. Eta, hori modu apal batean.

Hemendik hilabete, hilabete  eta erdira jaurnatzeak datoz. Nola bizi dute, egun hori, haurrek? Lehen bezala ospatzen da edo bilakaerarik izan du?
Jaunartzea egiten dutenak gutxiago dira, dudarik gabe. Hernanin asko nabaritu da jaitsiera hori. Baina, tradizioagatik bada ere, ospatzen dira. Aldaketa handienak katekesiaren inguruan egin dira. Orain, haurrei ez zaie doktrina buruz ikastera behartzen, irudien bitartez; gurasoek beraien bizipenekin azaltzen dizkiete Jesusek eta Jainkoak nahi zuten mundu gizakoiagoa. Horretarako, haurren katekesian gurasoak inplikatzea ezinbestekoa da. Derrigo­rrez­koa da bai gurasoak eta baita hau­rrak ere, hiru uteetan ze­har katekesira etortzea. Hilean behin izaten da, normalean hileko hirugarren asteburuan.

«Elizaren helburua ez da historia behin eta berriz errepikatzea edo beldurra sartzea; baizik eta eban­jeliaren mezua eta kristau baloreak eguneroko bizitzara ekartzea; eta hori, modu apal batean».

Bataioak eta ezkontzak ere gutxiago ospatuko dira, orduan.
Bai, bai. Orain ume gutxiago bataiatzen da; eta elizan, ezkontzak urritu egin dira.

Belaunaldiz-belaunaldi fededun gutxiago dagoela dirudi. Zergatik?
60-70garren hamarkadatik ho­nun­tza, pixkana-pixkanaka, fe­dedun kopurua jaisten joan da. Lehen, Euskal Herrian, elizaren presentzia oso bermatuta ze­goen, bere eragina handia zen. Ia-ia esan dezakegu elizak antolatzen zuela herriko bizitza.
Baina, hori, zorionez aldatu egin da eta egun, nork berak erabakitzen du Kristoren­ganako eta honen elizarekiko duen atxikimendua. Elizak, his­torian zehar erakunde ahal­tsu baten irudia erakutsi du eta horrek, dudarik gabe, jendea aldendu du.
Gainera, azken urteotan, komunikabideek eliza barruko iskanbila ugari argitaratu dituzte eta horrek, jende askoren fedearekin bukatu du edo behint­zat, zalantzan jarri ditu. Hala ere, nik izkutuko gauzak ateratzea eskertzen dut, eliza barrua saneatzeko. Gure eginbeharra, orain, ebanjelioaren inportantzia nabarmentzea da eta ez, erakundearena. Horixe baita Elizaren egitekoa: Eban­jelioaren zerbitzura lan egitea.

«Eskertu egiten dut komunikabideek ezkutuko gauzak atera izana, eliza barrua saneatzeko»

Nola definituko zenuke kristau-komunitatearen egoera Hernanin?
Nahiz eta kopuru aldetik gutxitu den, daudenak konbentzitu­a­g­o daude eta beti ere lagun­tzeko prest. Duela 60 bat urte, 16-17 apaiz zeuden herrian eta orain, ni bakarrik nago, jubilatuta dagoen lagun batekin ba­tera. Horrek, herritarren partaidetza sustatu du. Bai adinekoek eta baita sasoiko pertsonek ere, gogo handiarekin hartzen dute parte. Eta ez bakarrik ospakizunetan, beste zerbitzuetan ere bai: karitasen, osasun pastoraltzan…

Karitasen, beraz, jendea solidarioa da…
Bai, asko. Jendeak arropak, jostailuak etab. ekartzen ditu. Eta, diru biltzeak antolatzen direnean ere herritarrek asko laguntzen dute.

«Hernaniko kristau komunitatea beti dago laguntzeko prest, bai ospakizunetan, eta baita beste zerbitzuetan ere: karitasen, osasun pastoraltzan...»

Zein da Karitasen egoera, orain? Krisiaren ondorioz, eskari gehiago al dago?
Bai, azken urteotan eskari gehiago dago. Noski, ezin diegu guztiei aurre egin, baina behartsuenei laguntzen diegu. Ahalbideak mugatuak ditugunez, kriterio batzuk jarraitu behar ditugu. Beraiek ematen diguten informazioaz gain, ikerketa bat egiten da eta sarean ere lan egiten dugu. Azpimarratu nahi nuke laguntzak ez direla bakarrik kanpoko jendearentzako eskaintzen, bertakoak ere premia dutenean karitasera hurbildu daitezke, inongo arazorik gabe.

Gizarte joerei dagokionez, zer aldatu da azken urteetan?
Berekoiagoak gara, indibidualismoak menderatzen du, ba­loreak galdu ditugu… Batzuek diote, krisi ekonomikoaz gain soziala ere badagoela…
Nik uste dut, indibidualismoak menderatzen duela. Motibazio faltagatik, nor bere bidetik doa. Elkar-lanerako zailtasunak daude. Eta hor, noski, egoera ekonomikoak ere izan du eragina.

«Karitasek ematen duen laguntza ez da soilik kanpotik etortzen direnen­tzako; bertakoak ere, premia dutenea, hurbildu daitezke».

Bestetik, gure arteko desberdintasunak gainditzeko gaude, oraindik. Ez gara gai besteen lekuan jartzeko; egoera, pentsakera eta jarduteko modu desberdinak ulertzeko eta ondorioz, errespetatzeko. Eta, hori lortzen ez badugu, bide motxa dugu.

Nola ikusten duzu elizaren etorkizuna?
Nik interesantea ikusten dut, bestela ez nintzateke hemen egongo. Egia da, egoera ez dela batere ona. Indibidualismoak, indiferentziak… menderatzen du. Bakoitzak bere sailean betetzen ditu bere proiektuak eta nahiak. Eta elizan ere hori gertatzen ari da. Badago atzera bueltatzeko joera bat  eliz je­rarkiaren aldetik eta eliza barruko sakabanaketa ekarri du, bakoitza bere sailera mugatzeko joera areagotuz.

Gipuzkoako gotzaiak ba al du zerikusia horretan? Munillarekin harremanak nola daude?
Horrekin lotuta dago daukadan desanimo puntua, noski. Au­rreko bi Aita Santuek beste norabide bat eman zioten Elizaren ibilbideari. Frenoa jarri zioten azken Kontzilioko es­pi­ritu eta senari, Jain­koa her­ria­ren zerbitzura dagoen jerarkia bultza­tzeari, eta baita apaiz eta laikoen partaidetza bultzatzeari, beste hainbat gauzen artean. Freno hori ja­rriko zuten go­tzain-izendapenak egin zituzten. Eta gure kasuan, Eus­kal Herrikoan alegia, Espainiako Konferentziako hainbat go­tza­ien estrategiak baldintzatu ditu izendapen horiek. 
Hori dela-eta tentsioa eta konfliktoa areagotu egin da eliza barruan. Asko eta asko ez gaude ados horrelako izendapen bideekin, bertako Elizaren ahotsa ez baita gora igotzen uzten. Honek atzerapausu larriak ekarri ditu gure artean. Tristura, haserrea eta deserotasun handia ekarri ditu gurera. Arestian aipatutako saka­ba­naketa areagotu besterik ez du egin Gipuzkoako herrietako parrokien artean. Desberdinak izan arren pentsaera eta izakera aldetik, adibidea eman beharko genuke Jesusen Elkarteetan kapaz garela elkarrekin lanean aritzeko. 
Gaur egun, ordea, besterik gertatzen da. Gure arteko hika-mikaz aspertuta edota alferrik dela sinestuta, bakoitzak bere sailean ahal duena egitera mugatzen da, gainontzekoari ‘hor konpon’ esanez.
Eskerrak Aita Santuak beste joera bat duen, guztiz desberdina; Jesusen nortasunaren eta mezuaren haize freskoa aireratzen du.

Aita Santu berriak, orduan, iraultza ekarriko du? Egoerari buelta emango dio?
Beno, nik uste dut, berarekin Aita Santutza ulertzeko modua aldatu egin dela eta ez da gutxi. Gertuagokoa, naturalagoa… bilakatu du eta horrekin batera, eliza barruan garbiketa ekarri du. Eta, hori oso ona da, ustelkeriak ez dezan denboran iraun.
Oraindik asko dago aldatzeko, noski, baino Frantzisko Aita Santuak estilo bat markatu du, jarduteko modu bat… gertutasunez, bihotzez eta ez eliz erakundea ebanjelioaren gainetik jarriz. Eta horrek, adorea ematen digu.

«Aita Santuak estilo bat markatu du, gertutasunez, bihotzez, eliz erakundea ebanjelioaren gainetik jarriz»

Etxera itzuliz... elizako lanak amaitu dira, azkenean.
Bai. Azaroan hasi ziren kapilla berria osatzeko lanak eta guk nahi genuen moduan, Ostegun Santurako dena prest zegoen. Inaugurazioa egun horrekin bat egin nahi genuen, Ziku­ñagako Andre Mariaren irudia desagerrarazi zela 37 urte bete­tzen zirenean.

Elizak, bailaran, zein lur eta propietate ditu?
Nik dakidala elizak eta apaiz-etxeak bakarrik.

Eta, nola eskuratu ditu? Badirudi, inmatrikulazioaz baliatuz, Euskal Herrian Elizak ondare ugari bere izenean jarri dituela: elizak, ermitak, lokalak, etxeak, lur-sailak, kirol tokiak…
Nik horren inguruan ez daukat informaziorik. Elizak eta apaiz-etxeak, kristau-herriak edo elizak, antzinatik jasotako ondareak dira. Ni egon naizen lekuetan ez da inoiz ezer arrarorik elizaren izenean jarri. Inoiz bitxikeria batekin topatu izan naiz. Hildakoen alde elizkizun eta mezak ospatzeko basoak erregistratuak zeuden. Baina ez elizaren izenean, baizik eta famili-buruen izenean, batzarrean bildutako aktetan agiri direnez.

Hernaniko elizaren hainbat datu

Caritas
• Zertarako jasotzen dituzte laguntza ekonomikoak: elektrizitate eta gas hornidurak, etxebizitzen alkairua, janaria, eskola tresneria… 
• Pertsonen profila: portugaldar ijitoak, marokoarrak, sahararrak, bertakoak…
• Pertsona kopurua eta gehinezko gastua jasotzen dute: 80 familiak, 300 pertsonak eta 20.000 euro urteko batazbestekoa.
• Zerbitzuak: asterokoak (hamabost egunetik behin errepikatzaileentzat): arropak, ohinetakoak, mantak…

Presoak
José Luis Aperribai, Hernaniko bikarioak jakinarazi digunez, elizak ere badu zerbitzu bat presoak laguntzeko.  Hernani artziprestaldeko 33 preso sozial artatzen ditu elizak: bisitak, hileroko diru-laguntzak, gutunak, arropak (Martutenen ezik, ez bait dute uzten)… eramaten zaizkie. Egu­berrialdiko kanpainan, arropa eta beste hainbat erabilgarri. Preso politikoei da­gokienez, beste 33ri la­guntzen diete. Hauei, eguberrietako dirulag­untzatxoa, bisitak, gutunak… eramaten zaizkie.

 

Jose Luis Aperribairi buruz

12 senideetan gazteena. 11 ur­terekin Seminariora joan zen eta Gizabideak, Filosofia eta Teologian hezi zen 12 urtetan zehar. 1967an etenaldi bat hartu zuen, Seminarioa itxi, eta garaiko mugimendu sozio-politiko eta kulturalaren eraginez.
Sei-zazpi urtez, Unibertsi­ta­tean eta lantegi desber­di­ne­tan egon ondoren, orduko go­tzaia zen Setien jaunak José Luis Lezora bidali zuen. Hi­labete batzuk pastoral-la­nean jardun ondoren, apaiztu egin zuten eta hantxe eman zituen 14 urte eta erdi, Pasaia-Errenteriako bailaran.
Handik Zizurkilera bidali zuten eta, aldi berean, Gi­zar­te-Langile ikasketak eginak zituenez, Gizakia Helburu (Proyecto Hombre) Elkarteko sail baten egin zuen lana.
Elgeta, Angiozar eta Uberatik pasatu ondoren, 2001ean Hernanira etorri zen. He­men, bertako ingurunea eza­gutu, ikertu eta murgil­tzeko denbora hartu ondoren, eta Donostiako Elizba­rru­tiak hartua zuen bidetik abia­tuta, proiektu batean murgildu zen (2004-2009) Eliza eredu berri baten ezaugarriak bailaran (Martute­netik Andoainera) zehazteko azterketa eta proiektu batean. Ikerketa horien ondorioak aprobetxatuz, hiru liburu ere argitaratu zituen. 2007an, 22 urtetan gotzai izan zen Manolo Odriozolari tes­tigantza hartu eta Her­na­niko parroko izendatu zuten. 

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!