Ezker abertzaleak bi deialditan parte hartzeko deia egin du, prentsa ohar bidez.
Batetik, «Abian prozesuaren azken txanpara» iritsi direla azaldu du, eta larunbatean, 09:30etan Laubidietan egingo den batzarrera «gonbitea egin nahi dio bere kidego guztiari».
Bestetik, igandean «Bilboko La Casillatik, Amnistiaren norabidean preso eta iheslariak etxera! lemapean egingo den manifestazioan parte hartzeko» deia ere egin du.
6.000 kideren partehartzea
Abian prozesua bi fasetan banatu zuela azaldu du ezker abertzaleak.
«Lehendabiziko fasean entzuketa lana egin genuen. Bigarrenean, ordea, lehenengo fasean jasotako ekarpenekin osatu zen eztabaidarako txostena oinarri hartuta, eztabaidari ekin genion. Euskal Herri osoan 284 batzar egin dira, eta beste bana Bartzelonan eta Parisen. Guztira, 6.000 kide inguruk hartu dugu parte hausnarketa prozesuan».
Era berean, bigarren fasea «hiru botetan banatu» zutela azaldu du: «gaur egungo egoerari erreparatu, azken urteetako balorazioa egin eta tesi nagusia bozkatu (batzarkide guztien %81eko babesa jaso zuen); norabide orokorraren inguruan eztabaidatu (proiektu politikoa, estrategia, gatazkaren konponbidea eta antolaketa), eta azpi atal bakoitzari emendakinak aurkeztu; eta hirugarrenean, emendakinak eztabaidatuko dira».
Emendakinen txostena, Garin tabernan
Hain zuzen, larunbateko batzarrean eztabaidatuko dira emendakinak. «Emendakinak garrantzitsuak izanik ere, garrantzia berezia eman zaie herrietan proposatutako ekarpen eta hobekuntza guztiei».
Horregatik, Garin tabernan eskuratu daiteke emendakinak biltzen dituen txostena.