Udalak Kronikara bidalitako prentsa oharrean jakinarazi duenez, udaberriarekin batera, liztor beltzaren erreginak hasi dira kabiak egiten: «kabi horiek ez dituzte zuhaitzetan egiten, leku babestuagoetan baizik: teilatu hegal azpietan, ganbaretako sabaietan, balkoietako sabaietan, pertsianaren kaxetan...». Era berean gogoratu dute, kabi hauek sarrera azpialdetik izaten dutela, eta ez albo batetik.
Oharrean diote, kabi hauek kentzeko ez direla baliabide asko behar: «liztor gutxi daude bertan. Beraz, zenbat eta gehiago kendu, orduan eta baliabide gutxiago beharko dira udan eta udazkenean. Herritar bakoitzak bere ingurua aztertzen badu eta ikusten duenaren berri ematen badu, denok irabaziko dugu». Kabiren bat ikusiz gero Udaltzaingora deitzeko eskatu dute: 943 24 89 00.