Kasta baduela erakutsi zuen atzo Hernanik, Landaren jokatutako finalean. Denboraldia bukatzeko hiru partiduren faltan, jaitsiera postuetatik ihes egitea zen trikoloreen erronka. Alcobendas talde indartsuaren bisita jaso zuten atzo, eta garaipena eta bonusa ondo merezita lortu zuten hernaniarrek.
Atsedenaldira, madrildarrak aurretik
Aurreneko zatia oso parekatua joan zen. Alcobendasek aldeko zuen haizea, eta hori nabaritu egin zen hainbat jokaldietan. 0-3 aurreratu ziren madrildarrak, baina 13. minutuan, asko geratzen zela jakinarazi zien Iñaki Leonetek, entsaioarekin: 5-3. Joko ona egin eta atsedenaldira ahalik eta alde haundienarekin iristea zuten helburu. Anartz Elosegik 31. minutuan egin zuen hernaniarren bigarren entsaioa, eta 10-3 jarri ziren aurretik. Alcobendasen momentu onenak, ordutik aurrerakoak izan ziren. Gogor estutu zuten, eta berdindu bakarrik ez, aurretik ere jarri ziren entsaio, gauzaketa eta zigor kolpe bati esker: 10-13.
Bigarren zatia, epikoa
Denetarako eman zuen bigarren zatiak. Hil ala bizi, garaipenaren bila atera zen Hernani, eta lortu zuen. 2. minutuan Iraitz Garmendiak entsaioa egin, Peio Perezek gauzatu eta 17-13 jarri ziren aurretik. Arkaitz Otañoren kaleratzeak ez zuen Hernani kikildu, eta aldea mantendu bakarrik ez, haunditu ere gin zuen Peio Perezek zigor kolpearekin: 20-13. Otaño itzuli, eta berehala etorri zen bonusaren entsaioa: Oier Garmendiak egin eta Peio Perezek gauzatua: 27-13. Madrildarrek ez zuten amore eman, eta zigor entsaio bati esker, aldea murriztu zuten: 27-20. Epaileak A. Otaño kanporatu zuen 15 minuturen faltan, eta 14 jokalarirekin, Hernanik duen kasta erakutsi behar izan zuen. Anartz Elosegik zigor kolpearekin 30-20an jarri zuen markagailua. Madrildarrak saiatu ziren, baina bonusa emango zien entsaioarekin itzuli ziren etxera; garaipena Landaren geratu zen.
Ordiziaren kontra jokatuko du Hernanik, datorren partidua. Bi falta dira liga bukatzeko, eta Gernika eta Pozuelo dira jaitsierako lehian dauden beste bi taldeak.