Ezker Abertzaleak Abian prozesua jarri zuen martxan azaroan. Nondik dator?
Orain dela 5 urte Zutik Euskal Herriak irekitako bidea sakondu nahi da Abian prozesuarekin. Ezker Abertzaleak azaroan ireki zuen prozesua eta helburua da eztabaida egin eta erabakiak hartzea. Beharrezkoa da, 5 urtetik hona eduki dugun egoeraren azterketa txiki bat egitea, zer egin dugun eta aurrera nola egin behar dugun aztertu eta erabakitzeko.
Azken urteetako errepasu labur bat egitearren... Egoeraren zein analisi egiten du Hernaniko Ezker Abertzaleak?
ETAk jarduera armatua bertan behera utzi zuen arren, frantziar eta espainiar estatuek ez diote beren indarkeriari uko egin. Beraien eskaintza politiko bakarra ukazioan sustengatzen da.
Presoen eta bere senideen eskubideak ez dira errespetatzen, dispertsioak bere horretan jarraitzen du, langabezia, prekarietatea, eskubideen urraketa, emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak jarraitzen du. Horiek dira Estatu Espainoletik eta Frantsesetik, gure herriak jasotzen duen eskaintza.
Erabakitzeko eskubidea, independentzia... Nola ikusten dituzue?
Euskal Herritarrei ez digute borondate eta erabaki demokratikoa gauzatzeko inongo aukerarik ematen, ez ekonomia arloan, ezta hezkuntzan, hizkuntzan, etabarretan ere.
Urte hauetan, gauza batzuetan asmatu dugu eta beste batzuetan ez. Baina aurrera egiteko jauzia eman nahi dugu, gure estrategia eta gure burua indartu eta norabidetzeko asmoarekin, independentzia eta sozialismoa lortzeko.
«Hernanin 200 kideren iritzi, ekarpen eta iradokizunak bildu ditugu».
Abian prozesura itzuliz, azarotik hona fase ezberdinak landu dituzue. Azaltzerik bai?
Abian prozesua, azaroan hasi zen. Lehen fasean, urtarrila arte, Ezker Abertzaleko jendearen iritzia entzun genuen, horretarako bilerak egin ziren eta ekarpenak jaso ziren, gure akatsak non egon diren aztertuz eta horietatik ikasiz. Hernanin, 200 kideren iritzi, ekarpen eta iradokizunak bildu ditugu.
Bigarren fasean, proposatutako edukiak eztabaidatu eta erabakiak hartzeari ekin genion. Fase honetan burututako bilera bakoitzean 60 bat pertsonek hartu dute parte, eztabaida sakonak egin eta erabakiak hartzeko.
Aipatutako eztabaidak, 5 ataletan egin dira, Ezker Abertzalearen proiektu politikoa, Eskaintza independentista, Garapen taktikoa, Gatazkaren konponbidea eta Antolaketa. Ekarpen alternatiboak egiteko aukera ere egon da.
Zein dira hemendik aurrerako pausuak?
Orain hirugarren fasean aurkitzen gara. Apirilak 16an, Euskal Herri osoan bozkatuko dugu aurrera egin duten tesi alternatiboen inguruan. Eztabaida bukatuta, lanari ekin behar diogu, hau da, teoria praktikara eraman.
Ezker Abertzalea aldaketa politiko eta sozialean aurrera egiteko funtsezko eragilea da. Aurrera egite horretan, erabakitzeko eskubidea defendatzen duten guztien indarrak biltzea garrantzitsua da.
Larunbatean azkeneko bilera deitu duzue Hernanin.
Bai eta Hernaniko Ezker Abertzaleko kidego guztiari dei egin nahi diogu apirilaren 16an, larunbatean, 9:30etan Laubidietan egingo den hirugarren eta azken batzarrera etortzeko. Bertan, tesi alternatibo desberdinak bozkatu eta erabakiak hartuko dira, aurrera begirako lanari ekiteko.