Aimar Olaizolak bi aldiz irabazi du Binakako Txapelketa, eta Martinez de Irujok bost aldiz. Bi aurrelariek ederki baino hobeto ezagutzen dute txapelketa. Horregatik, Olaizola II-Urrutikoetxea eta Irujo-Rezustaren arteko lehia ikaragarria espero da gaur, 18:00etan Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Umore Onak, 5 partidu
Bestalde, Umore Onako pilotari goizuetarrek ere badauzkate partiduak.
Hasteko, atzo bertan GRAVNI txapelketan aritzekoa zen Iker Salaberria, Josu Ezkirozekin Nafarroa defendatzen, Bizkaiko Unax Riol eta Josu Zezeagaren kontra.
Gaur, berriz, hiru partidu jokatuko dira. Olaztin, 09:30etan hasita, Xanet Apezetxeak goizuetarrak eta Iturain oiartzuarrak, Zaramagako Ruiz de Infante eta Kintanari egin beharko diete aurre, eta Legarreta eta Elizegi benjaminek, Txukun Lakuako Nuñez eta Perezi. 16:00etan, berriz, Oihan Etxeberria eta Beñat Apezetxea Lizarran ariko dira.
Azkenik, bihar 09:30etan hasita, Markel Salaberria eta Julen Salaberria, Txukun Lakuako Zearra eta Baztanen kontra ariko dira, Olaztin.
Emaitza onak, aurreko partiduetan
Azken partiduetan ere fin ibili dira goizuetarrak. Lehengo asteburuan, Lezaman, 22-14 irabazi zuten Salaberria eta Arangurenek, Alberdi eta Aizpururen kotra. Elkar Pilota Txapelketan ere, Egoitz Elizegik 22-14 irabazi zuen, eta Iker Salaberriak 22 eta 4.
Eta ostegunean, Nafar Jokoetan, Legarreta eta Elizegi benjaminek ere irabazi egin zuten 18 eta 4, Uharteko Xabier Argibide eta Ibai San Sebastianen kontra.