Panamatik Tanzaniara, eta New Yorketik Astigarragara. Mundu osoan zehar antolatzen dituzte obstakulo probak, Eternal Running zirkuituaren barruan. Eta horietako bat, Astigarragan bertan egingo dute, maiatzaren 29an.
«Aurrenekoz ospatuko da horrelako proba bat Gipuzkoan, joan den urtean Galdakaon egin ondoren», azaldu zuen Jesus Mari Santos alkateak, asteazkeneko aurkezpenean. Udalak eta Eternal Running enpresak, elkarlanean antolatuko dute proba.
Izenematea zabalik dago: interneten, www.eternalrunninginvencible.com web orrialdean; edota Bereziartua sagardotegian. 26 euro dira.
«4.500-5.000 partehartzaile espero ditugu proban»
11garren edizioa du aurtengoa Eternal Running zirkuituak, Ruben Lopez antolatzaileak azaldu zuenez: «2002an hasi ginen Bartzelonan, eta gero, estatu mailan antolatzetik mundu osora zabaldu genuen: Panama, Tanzania, Liverpool, New York, Boston...».
Milaka partehartzaile izaten dituzte proba horiek, eta Astigarragan ez dute gutxiago espero: «4.500 edo 5.000 partehartzaile espero ditugu, eta uste dugu esperientzia oso interesgarria izango dela herriarentzat», dio Lopezek.
Mota guztietako 80 obstakulo, 10 kilometrotan
Eternal Running zirkuituko probek, 10 kilometroko ibilbidea izaten dute, baina oztopoz jositakoa: «mota guztietako obstakuloak dauzkagu, guztira 80». Besteak beste, lastozko kamioien gainetik pasa beharko dute parte hartzaileek, ekaitz elektrikoa izeneko laberintoa gainditu, apar edo lokatz tartean ibili, toboganak, mazedonia izenekoa...
Astigarragako ibilbidea, bereziki gogorra izango dela aurreratu dute antolatzaileek: «ibilbidea sekretua da, bakarrik jakingo dute non hasi eta bukatuko duten. Baina aldapatsua izango da, malda haundiekin. Eta beharbada, pixka bat luzeagoa izango da, 11 edo 11,5 kilometrora joango zaigu zirkuitua. Obstakuluak berdinak izaten dira, baina beti saiatzen gara bakoitza berezia izaten. Eta Astigarraga perfektua da horretarako. Munduko bost proba gogorrenetakoa izango da, aurtengo Eternal Running zirkuituan. Polita izango da».
«Gehienak ondo pasatzera doaz, ez irabaztera; ibilbidea osatu eta garaitezin izatera»
Gogortasun horren aurrean, bakar batzuk izaten dira lehia daukatenak gogoan, Ruben Lopezek dioenez: «gehienak ondo pasatzera doaz, ez irabaztera. Ibilbidea osatu eta garaitezin izatera».
Eta horixe da zirkuituaren helburua: «edozein herritar, berezi sentiaraztea, garaitezin sentitzea, horrelako zerbait eginda. Edozein erronka gainditu dezakeela erakutsi nahi diogu jendeari, honen bidez».
«Munduko bost proba gogorrenetakoa izango da Astigarragakoa, aurtengo Eternal Running zirkuituan. Polita bezain aldapatsua izango da ibilbidea».
«Asmoa da, epe baterako geratzea Astigarragan»
Aurten bakarrik ez, datozen urteotan ere antolatu nahi dute lasterketa, Astigarragan: «joaten garen tokietan, errotzea gustatzen zaigu, bertan geratzea epe baterako. Beraz, Astigarragan egon nahi dugu datozen bi edo hiru urteotan gutxienez, herriak interesa baldin badauka, behintzat».
Horrela, «Eternal Running zirkuituaren mapan» kokatu nahi dute Astigarraga ere.
«Erraza izan da antolatzea, alkatearekin elkarlanean»
Astigarragara etortzeko ideia, Bereziartua sagardotegiaren eskutik jaso zuen Eternal Running enpresak: «gure laguntzaileetako bat da Bereziartua, eta jakinda Donostia inguruko herri batera etorri nahi genuela, Astigarragako alkatearekin biltzea proposatu zigun. Hortik aurrera, oso erraza izan da ados jartzea, eta elkarlanean dena antolatzea», nabarmendu zuen Ruben Lopezek, aurkezpenean.