Gerraldia egin zuten asteazkenean, EH Bilduko oraingo eta aurreko legealdiko zinegotziek, atez ateko sistemaren alde botoa eskatzeko herritarrei: «hiru urtetan, sistema eraginkorrena dela baieztatu da, bilketa selektiboaren maila gorenetara heldu delako», nabarmendu zuen Andoni Gartzia bozeramaileak.
«Ondo eta gaizki eginak onartuta», atez atekoa jartzeko «hartutako erabakiarekin harro» azaldu ziren: «erraustegia egin zedin gaia urteetan usteltzen utzi zutenen aurrean, erabaki ausarta hartu genuen. Datuak irauli ditugu, iraunkorra eta aldaezina zen %30a, %80 bilakatu dugu, zerbitzuaren defizita murriztuz eta herritarrei tasak igo gabe. Zalantzarik gabe, %80 hori herritarrek lortutakoa da, haiei esker emandako jauzia».
«Apirilaren 17an, atez atekoa babesteko ordua iritsi da»
Horregatik, sistema babesteko eskatu diete herritarrei: «apirilaren 17an, herritarrok hain ondo manejatu dugun tresna babesteko ordua iritsi da. Azkenean, EAJk onartu du 5garren edukiontzi soilak ez dituela emaitza onak ematen, eta itxi eta derrigortzearen apustua egin du. Berandu bada ere, ongietorriak».
Baina hala ere, nabarmendu du: «EAJk proposatutako sistemak zalantza asko ditu: auzoetako bilketa nola egingo den, autokonposta eta auzokonposta bultzatuko diren, komertzio eta sagardotegietako bilketa, non kokatuko diren edukiontziak, zenbatero hustu, zer ordutan... Eta hainbat atzerapauso ekarriko dituela ukaezina da. Zalantza ugari eta erantzun bat ere ez. EAJri bilketa maila bost axola zaionaren susmoa dugu, eta horregatik babesten dugu atez atekoa; agintean dagoena egonda ere, emaitza onak bermatzen dituelako», defendatu dute EH Bilduko kideek.
«Sistema aldatzen bada, langileak kaleratuko dira»
Sistemaren beste hainbat aspektu kritikatu ditu EH Bilduk: «sistema aldatzen bada, langileak kaleratuko dira, pertsona gutxiago beharko direlako lanean. Krisi garaian udal administrazio batek lanpostuak suntsitzea bultzatzea astakeria dela uste dugu. Bestetik, zerbitzua pribatizatuko da, enpresa pribatuen esku utziz eta euren mozkinak are gehiago areagotuz».
Aldaketarekin, Udalak dirua xahutuko duela ere aurreratu dute: «100.000 euroko gastu gehigarria astigartarron poltsikotik. Gainera, herritarrak tasekin zigortuko gaituzte; horren adbide, dagoeneko onartu den %92ko igoera».
«Horregatik guztiagatik, atez atekoa babestea eskatzen diegu herritarrei. Atzerapausorik ez dugulako nahi, eredugarri izaten jarraitu nahi dugulako. Guk, apirilaren 17an, atez atekoa bozkatuko dugu! Zuk ere aukera daukazu!», aldarrikatu dute.
Atez atekoaren alde argazkia bihar, herritarrek
Bestalde, atez atekoari babesa erakusteko, taldeko argazkia aterako dute bihar. 12:00etan izango da, Joseba Barandiaran plazan, eta herritar guztiei luzatu diete deia, bertaratzeko.