Hernanitik Arantzara, urtegi eta baso zabaletan barrena

Kronika - Erredakzioa 2016ko api. 9a, 02:00

Mendiriz mendi
Hernanitik abiatu eta Arantzaraino iritsiko den 30km-tako ibilbidea proposatu du Mendiriz Mendik hilaren 24rako. Besteak beste, Zaria, Bianditz eta Unanu gailurrak egingo dira ibilbidean zehar.
Ibilaldi luzea, baina oso interesgarria; Urdaburu, Añar­be eta Artikutza inguruko ere­muetan barrena, baso zabalak eta urtegiak goitik inguratuz.

Abiapuntua, Euskal Herriko historiaurreko aztarnak
Euskal Herriko historiaurreko aztarnak ikusteko aukera izango da ibilbidean zehar. Geo­lo­gi­ko­ki inguru hauek Euskal He­rri­ko zaharrenak dira. Aiako Ha­rriko inguru hauetan granitoa eta material paleozoikoak di­ra nagusi. Eremu hau Eu­ra­sia eta Iberiar penintsulako pla­kek talka egin zutenean itsa­so azpitik urgaineratu zen lakolitoa da.
Hasteko, Hernanitik Ereño­zu­­ko bidea hartu behar da. Ibaia­­ren ibilgua jarraituz, Ere­ño­­zura hurbildu eta zertxobait au­rrerago, Latxen, ezkerrera har­tu behar da, eta Usoko erre­ka­ren bailaran sartu. Egoera one­an dagoen pistari jarraituz, Ur­da­buru ezkerrean dagoen Zuar­kazuko atsedenlekura igo­tzen da. Tarte honetan gerta­tzen da ibilbideko lehen igoera gogorra. 

Bigarren igoera gogorra, Añarbe eta Artikutza artean
Atsedenlekutik pistari jarraituz Sus­perregi jatetxea eta Añar­be­ko urtegiaren artean dagoen Mal­­bazarko lepora hurbilduko ga­ra. Bideari jarraituz, hasieran zertxobait gora eta gero be­hera eginez, Aldura eta Pertxel gailurren azpitik igaroz, Ezki­ta­ko lepora iristen da, eta hortik, Ezkitako Kaskua eskuinetik inguratuz, Irubi­de­ta­ko lepora. 
Hemendik Zaria (625 m) gai­­lurreko igoerari ekingo dio­gu; ibilbideko bigarren igoera gogorra. Ha­sie­ran basotik, gero soroetatik, gai­lurraren alboan dagoen an­tena ingururaino igoko gara. Bertatik Artiku­tza­ra igotzen duen errepidera jai­tsiko gara, baina errepidea har­tu beharrean Munagirre (780 m) gailurrera igoko gara. Ondoren, Artikutza jaitsi baino lehenago dagoen Masuketako lepora iritsiko gara. 

Azken gorabeherak, lasaiak
Bideari jarraituz, Bianditz gailurrera igoko gara (844 m). Hemendik Unanuraino, ibilbideak, errusiar mendi baten modura, gora eta behera egiten du. Zapalduko ditugun gailurrak: Galtzarrieta (813 m), Bidango Gaña (776 m), Al­mendruitz (712 m), Pago­lle­ta­gaña (685 m), Itsaszelaieta (575 m) eta Unanu (654 m).  Una­nu­ra iritsi baino lehen iturria dago.
Unanutik Arantzako bailarara jaistea soilik geratzen da eta, ondoren, herrira igotzeko azken aldapa. 

Datu interesgarriak

Luzera: 30 km.
Denbora: 8-9 ordu.
Desnibel metatua: 1.700m  gorantz eta beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa, baina oso ibilbide luzea. Egoera fisiko onean egon behar da. 
Beharrezko materiala:Mendiko material arrunta. 
Mendiriz Mendik apirilaren 24an egingo du irteera hau.

Artikutza

Euskal Herriko ingurune euritsuena

Artikutza  Goizuetako udalerriko eremu barruan badago ere, Donostiako Udalak erosi zituen lur eremu hauek 1919 urtean, hiria  urez hornitzeko asmoz. Garai arteko 3,2 milioi pezeta ordaindu omen zituen. Ordutik esparrua nahiko ba­sa­ti mantendu da, gizakiaren era­gina urria izan baita. Es­pa­rru natural eder honek ia 4 mila hektarea inguru hartzen di­tu, eta bertan, 6 milioi zu­haitz inguru dituen baso zabala gorde­tzen du. Fauna aldetik ere oso eremu abera­tsa da.

Urtegia, berehala txiki
Artikutzako urtegia edo Eno­bie­takoa 1947an hasi ziren erai­kitzen, eta 1953 urtean amai­tu zuten; 1.500.000 m3 inguruko edukiera dauka. Erai­ki zenean Donostia osoa urez hornitzeko asmoarekin egin zen, baina hiriaren hazkundea zela eta, berehala geratu zen txiki, eta Añarbeko urtegiak ordezkatu zuen. 

100 urte datuak biltzen
Artikutzako ingurua Eus­kal Herriko ingurunerik euri­tsu­ena da. Bertako estazio me­teorologikoa 1931 urtean hasi zen funtzionatzen. Aran­tzazu, Zerain, Deba eta Oña­ti­ko estazioekin batera Igeldoko be­hatokiak bultzatutako sare barruan dago. Ia ehun urte hauetan inguru hauetako datu meteorologikoak jaso­tzen jardun du. Bataz besteko euri prezipitazioa urtean 2.654 litrokoa da. Iberiar penintsulako altuena. Bere atzetik Vicuña eta Villarbacu (biak Lugo probintziakoak) eta Grazalema (Cadiz) daude. Euri gehien egin duen hilabetea 1981eko urtarrila izan da 688 litrorekin. Aldiz bertoko urterik euritsuena 1966koa izan zen, 3.398 litrorekin. Hain leku euritsua izateko arrazoia sinplea da. Pirinioak eta Kan­ta­bri­ako mendikateak oztopo han­dia dira atlan­tikotik datozen aire fluxuentzat. Bi oztopo horien artean euskal orografia dago, altuera txikiagoko mendiekin. Beraz, aire fluxu horiek pasillo moduko bat aurkitzen dute, eta bertatik igarotzerakoan, euri bezala askatzen dute garraiatzen duten hezetasun gehiena. Pa­sillo horren erdi erdian Artikutza inguruko mendiak daude. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!