Telmo Semperenak, podiuma gertu Zestoan

Kronika - Erredakzioa 2016ko api. 9a, 02:00

Aurrean, oso aurrean ibili ziren beste behin, joan den asteburuan, txirrindulari asti­gartarrak. Hain aurrean, po­diumera igotzetik gertu egon zela Telmo Semperena Zesto­an, laugarren sailkatuta. Eta gertu izan zuen Urko Sem­pe­renak ere, Deban seigarren.

Alebinak, ia bukaerara arte onenen taldean
Alebinek, berriz, Hondarribian izan zuten lasterketa, eta ia bukaerara arte egon ziren onenen taldean, Tasio Sem­perena eta Aketza Bolado astigartarrak; 12garren eta 18ga­rren izan ziren helmugan, taldetik geratuta azken itzulia bakarrik falta zenean.
Gaur berriz, Donos­tian dau­kate zita, Lo­iolako Erribere­tan, arra­tsaldeko 16:30etan.

Otermin eta Semperena nagusi, taldeka
Kadete mailan, berriz, saria ekarri zuten Tomas Oter­mi­nek eta Telmo Semperenak, Zes­toatik. Taldeka nagusitu ziren, Victor Alvaro Cons­tru­c­ciones-Silam taldearekin, eta podiumera igo ziren.
Aitor Larrañaga taldekidea izan zen irabazlea, esprintean Jokin Murgialday menderatuta, eta azken itzulian egin zuen ihes Semperenak, seiko talde batean, podiumeko azken tokia lehiatzeko; laugarren izan zen azkenean. Otermin, berriz, tropelean iritsi zen.
Asteburu honetan, Eiba­rre­ra joango dira kadeteak, Otxoa Memoriala lehiatzera (63 kilometro); Gaztetxoak Torneoko aurreneko proba. Bihar goizean izango da.

Asteburu gogorra, juniorretan
Bikain aritu zen Urko Sem­perena ere, nahiz eta asteburu gogorra izan. Deban aritu zen larunbatean, eta berehala azaldu zen lasterketa bu­ru­an, bederatzi laguneko talde batean, Itziar gainean alde eginda. Kalbarioko mendatean hasi ziren eraso gogorrenak, eta ezin izan zuen aurrean eutsi astigartarrak. Seiga­rren izan zen azkenean.
Igandean, berriz, Lapur­di­ko Uztaritzen aritu zen, Biltoki Kriteriumean. 30 txirrindularik besterik ez zuten osatu zirkuitu gogorra; tartean Urko Semperenak, 29garren postuan iritsita.
Bihar arratsaldean, berriz, Elgoibarren dauka zita astigartarrak. 92 kilometro izango dira, Kalbario igota.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!