Podemos Hernani Ahal Duguk prentsa oharra bidali du Hernanira, gaur egingo duten bileraren berri emateko. Arratsaldeko 18:00etan izango da Biteri kultur etxean, eta zazpi gairen inguruan ariko dira.
Prentsa oharrean azaldu dutenez, aurreko aktak onartzea izango da lehendabiziko pausua. Ondoren, Hernaniko Plenoa eta Gipuzkoako Batzar Nagusiko Plenoa izango dituzte aztergai. Gaurko bileran emango dute, baita ere, zirkuluen balidazioari buruzko informazioa. Gipuzkoako Zirkuluko Koordinatzailearen bileran zer tratatu zen ere azalduko dute batzarrean. Bestalde, Berdintasuneko eta Feminismo Idazkaritzaren oharrari buruz hitz egingo dute; eta asmoa da, Hernaniko Zirkuluaren ordezkaritza zein izango den zehaztea. Hizkuntza inklusiboaren inguruan hitz egindakoa aurreko aktan sartzea ere, bozkatuko dute gaurko bileran. Eta azkenik, galdera eta iradokizunak egiteko aukera izango da.
Bilera zabalik, herritar guztientzat
Prentsa oharrean gogoratu dute, gaurko bilera irekia izango dela; eta beraz, gerturatu nahi duen herritar orok zabalik izango dituela bertako ateak.