Larunbatean Gasteizen egingo den manifestazio nazionalerako deia egin du Hernaniko Bilgune Feministak. Bilbo plazatik aterako da eguerdiko 13:00etan, eta lema izango da: 11 eraso 12 erantzun feministok prest! Hernanitik joan-etorria egiteko autobusa antolatu dute: goizeko 11:00etan aterako da Hernanitik eta iluntzeko 19:00etan egingo du buelta Gasteizetik. Izena emateko zerrendak Garin eta Kiden daude; 10 euro balio du joan-etorriak.
«Bortizkeria matxistak ez dira kolpeak eta hilketak soilik»
Hernaniarrak manifestaldira gonbidatuz, prentsa oharra bidali du Hernaniko Bilgune Feministak Kronikara. Bertan dio, gaur egun beharrezkoa eta ezinbestekoa dela bortizkeriatzat zer ulertzen dugun birplanteatzea: «bere konpletxutasun guztiak eta bere forma anitzak ulertzeko markoa sortu behar da. Bortizkeria matxistak ez dira kolpe eta hilketak soilik; kontu estrukturala da eta sistema batean oinarritzen da».
Oharrean diote, emakumeak beldurrean hezten dituztela eta sinestarazi nahi dietela beraien gorputza ahula dela eta gizonena erasokorra: «bortizkeria matxista ez da bakarra, baizik eta jendarteak eraikitzen duen egitura sendoa: feminismoak, egoera hori agerian uzteko eta aurre egiteko erantzukizuna dauka».
«Berdintasunaren arloan murrizketak ematen dira aurrekontuetan»
Azaldu dute, agintariak genero bortizkeriagatik oso arduratuta agertzen diren bitartean, errealitatea bestelakoa dela: «berdintasunaren arloan, murrizketak ematen dira aurrekontuetan. Feminizidioa ez da kasualitate hutsa, kontua ez da gizon batzuk burua galtzea, ez dira kasu isolatuak. Feminizidioak gure jendartearen erdigunean daude, generoen instituzionalizazioaren bitartez».
«Harreman bortitzak naturalak bailitza lehenesten dituzte»
Oharrean diotenez, harreman bortitzak naturala balira bezala lehenesten dituzte: «maitasuna jabetza moduan, jeloskortasuna eta kontrola. Hauek normalizatu eta besteak ikustezin bihurtzen dituzte. Arau horri ihes egiten dioten gorputz eta harremanek bortizkeria matxista jasaten dute. Lesbianen kontrako erasoak, nerabe transexualek beren buruaz beste egitea, eta aniztasun funtzionala duten pertsonenganako erasoak ere bortizkeria matxista dira».
«Gaua eta jaiak bortizkeriarako espazioak dira»
Gaua, alkohola eta permisibitatea medio, emakumeen kontrako erasoak areagotu egiten direla azaldu dute: «gaua eta jaiak bortizkeriako espazioak dira».
Bestalde, azaldu dute ekonomia kapitalistak zerbitzu sozialak murrizten dituela, eta emakumeengan eragin haundiagoa duela honek: «emakumea prestigiorik gabeko lanak egitera eta zaintzera behartzen du. Egun gainera, eraso sexistak neurri arrazistak justifikatzeko eta zabaltzeko erabiltzen dira, arazoaren arrazoia guztiz manipulatuz».
«Ez gara biktimak, gure bizitzaren protagonistak baizik»
Azkenik diote, ez direla ez biktimak ez pertsona pasiboak, beraien bizitzaren protagonistak baizik: «arazoaren muinari heltzeko ordua da, konpromisoak hartzeko ordua. Badakigu jatorria zein den eta aurre egiteko prest gaude. Larunbatean Gasteizen hau plazaratzeko aukera ezin hobea daukagu. Kaleak betetzeko gonbidapena egiten dugu».