Hernaniko Duintasuna taldeak sinadura bilketa jarri du martxan, gaur hasi, eta apirila osoan zehar. Ostegunetan ferian jarriko dira, eta larunbatetan Plaza Berrin; bi kasuetan, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Beste hainbat eskaeren artean, pentsio duinak izatea eskatzen dute: 1080 euro hilean.
«Hego Euskal Herriko pentsiodunen erdia ez da 600 eurora iristen»
Kronikara bidalitako prentsa oharrean azaldu dutenez, Hego Euskal Herrian 300.000 pentsionista daude, eta erdia ez da hilean 600 euro kobratzera iristen: «eta bien bitartean, banku eta multinazionalak irabazi erraldoiak izaten ari dira. Argi dago aberastasuna ez dagoela zuzen banatuta, eta bidegabekeria honi amaiera eman behar zaiola».
Oharrean diote, politikoak albora begira badaude ere, pentsio duin bat bermatzeko lana egingo dutela: «pentsio duin bat bermatu beharra dago inor oinarrizko premiak ase gabe geratu ez dadin: aterpea, beroa, elikadura...».
«Zure sinadura eskatzen dugu»
Herritarren sinadura zuzen-zuzenean eskatzen dute oharrean: «zure sinadura eskatzen dugu, Gasteizeko Parlamentuan dauden gure ordezkariei eta Eusko Jaurlaritzari eskatzeko, Aurrekontu Publikoen baitan pentsio duinak sartzeko. Eskatzen dugu hilean 1.080 euroko pentsioa izatea, edo horra heldu arte behar den osagarria ematea. Kopuru hori aholkatzen du Europako Karta Sozialak». Beraien ustez ere, pentsionistek duin bizitzeko kopuru hori behar dutela azaldu dute.
«Gardentasuna nahi dugu»
Azkenik, azpimarratu dute pentsioen kontuan gardentasuna eta kudeaketa hurbila nahi dutela: «horretarako Babes Sistema eta Gizarte Segurantza propioak nahi ditugu. Azken aldiko aldaketak medio, gure egoera asko okertu da: alargun eta umezurtzen ahulezia; 2011z gero gure pentsioak izoztuta egotea; edo %0,25a bakarrik igo eta gero, erosteko ahalmen eskasagoa izatea». Hori guztiagatik eskatzen dute sinadura.