Bete-betean sartuko da Urumea bailaran Euskal Herriko Itzulia, eta Astigarragatik pasako da, bai gaur eta bai bihar. Astelehenean hasi zen Itzulia, eta hirugarren etapa izango da gaur jokoan, Gasteizetik abiatu eta Lesakan bukatuta.
Goizueta aldetik iritsiko da tropela Astigarragara, arratsaldeko 16:00ak inguruan, eta A-15 errepidetik sartuta, Bentetara igoko dira zuzenean, Perurenara. Hortik, 43 kilometro faltako zaizkie txirrindulariei, Lesakako helmugara iristeko.
Bihar, bueltako ibilbidea
Biharkoan ere pasako da tropela Astigarragatik, bueltako ibilbidea eginda. Izan ere, kontrako norabidean etorriko dira, Oiartzundik Bentetara igota, eta 14:15ak inguruan jaitsiko dira Astigarragara, poligonoko errotondan A-15 errepide aldera joateko, Hernanira bidean. Lesakan hasi, eta Orion bukatuko da etapa, Aiara hirutan igo ondoren.