Eraso bonusa lortuta, itxaropentsu Hernani

Kronika - Erredakzioa 2016ko api. 4a, 02:00

Partidu zaila zuten aurretik Hernaniko errugbilariek eta beraiek ere bazekiten. Hala ere, hasiera hasieratik borrokatzera atera ziren Baldiri Alieu zelaira, Santboianaren etxera. Galdu egin zuten (48-22), baina senior mailako mutilak ez ziren esku hutsik joan, eraso bonus puntua lortu baitzuten.

Eraso bonusa, hil ala bizikoa
Hamargarren minutuan kontrolpean izan zuen partidua Santboianak, baina horren aurka gogor egin zuen Herna­nik, eta hasiera batean, kataluniarrak despistatzea lortu zuen. 
Hortik aurrera, hasieratik orduerdi pasata, Santboianak argi eta garbi zuen partidua beraien eskuetan.
Hala ere, Hernanik lau en­tsegu egitea lortu zuen, eta horrekin batera, eraso bonus puntua lortuta egin zuen buelta etxera. Puntu hori hil ala bizikoa izan daiteke, izan ere, sailkapenean azken dijoan Pozuelok, Getxo garaitu du asteburu honetan, eta ondorioz, azken postutik bi puntutara geratu da Hernani.

Anartz Elosegik, susto txikia
Hamar zenbakidun Anartz Elosegik zelaia utzi behar izan zuen kolpe bat hartu ondoren. Partidua bukatuta, ospitalera eraman zuten, baina medikuek proba batzuk egin ondoren ez zirudien ezer larria izan zenik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!