«Errefuxiatuak egon bitartean, Zaporeak proiektuko boluntarioak han geratuko gara»

Kronika - Erredakzioa 2016ko api. 4a, 02:00

CHIOSERA  zoaz igandean, nolatan?
Egunkarian ikusi nuen Zapo­reak proiektua martxan jarri zela eta boluntarioak behar zituztela. Orduan, beraiekin jarri nintzen kontaktuan, bilera batera joateko deitu zidaten eta orain, hiru aste­tarako joango naiz Chio­sera.

Momentu honetan, zein da han dagoen egoera eta zertan laguntzen du Zaporeak proiektuak?
Hasieran, Chiosera jende asko iristen zen eta taldeka zeuden kokatuta denak. Karpa haun­dietan taldekatzen zituz­ten eta 4-5 egunez bertan egon behar zuten han, mugara joan ahal izateko. Inork ez zien jaten ematen, eta horren aurrean, bertan zer egin zitekeen ikustera joan zen Zaporeakeko aurreneko taldea. Orduan, konturatu ziren inork ez ziela plater berorik ematen. Hori ikusita erabaki zuten sukalde bat montatzea eta beraiek ziurtatzea plater bero hori. 
Eta hori da egin dutena: Fagor, Lacor, etab.en lagun­tzaz, sukalde haundi bat montatu zuten karpa batean. Gainera, bertako jendeak ere asko lagundu zuen: Batek, adibidez, jatetxe bat itxi berri zuen eta soberan zuen guztia erabil­tzeko aukera eman zuen. Or­duan, behin sukaldea edukita, errazagoa zen: janaria egiten zuten eta eramateko kafea hartzeko edalontzi horietako batean ematen zitzaien, janaria beroa mantentzeko eta platerak baino errazagoak direlako manejatzeko. Kola egiten zuten, eta denek jasotzen zuten beraien razioa.

«Zaporeak Pro­iek­­tuaren hurrengo erronka kamioi bat erostea izango da»

Baina azken asteetan egoera aldatu egin dela jakinarazi zuen Zaporeak proiektuak, ezta?
Bai, orain hesien artean bizi dira errefuxiatuak; militarrek  babesten dute eremua eta ez dute inor pasatzen uzten. 
Egoera honen hasieran, Zaporeakek jana­ria egin eta hesien azpitik, zuloak eginda, pasatzen zieten errefuxiatuei. Baina hori ere, militarrek debekatu egin dute, diotenez, gar­bitasun arrazoiak medio.  Aitzakia besterik ez da hori; izan ere, beraiek lokatz artean dituzte errefuxiatuak, harriak jaten. Ez zaie gustatzen jaten ematea, hori da kontua. Horregatik, orain zailagoa da egoera.
Horrez gain gertatzen ari dena da: errefuxiatuak iristen dira; bera­iek badakite Turkiara era­man­go dituztela, baina hori ez dute nahi, ez dakitelako zer-nolako etorkizuna izango duten han, eta ez dira fidatzen bertan gertatuko zaienarekin. Horre­gatik, dispertsatzen ari dira. 
Dispertsio horri aurre egiteko, orain Zaporeak Pro­iek­­tuaren hurrengo erronka kamioi bat erostea izango da, bertan sukalde ibiltari bat egiteko. Horrek errefuxiatuak bilatu eta, daude lekuan dau­dela, jaten emateko aukera emango du.

Orduan, zein da proiektu honen etorkizuna?
Errefuxiatuak egon bitartean, Zaporeak proiek­tuko bolun­tarioak han geratuko gara, ez gara joango. Beharren arabera gu aldatuko gara, hau da, Chiosen egon beha­rrean beste irla batera joan behar bagara, joango gara. Errefu­xiatuen bila aterako gara, jaten ematen jarraitzeko. Eta egoerara moldatuz joango gara, gauzak gertatzen diren heinean. Beraiek ere ez dakite zer gertatuko den.

Proiektuaren etorkizuna bermatzeko, eltxetxoak jarri dituzue Hernaniko hainbat puntutan dirua jasotzeko asmoz.
Hori da, hamabi eltxetxo jarri ditugu herriko hainbat komer­tziotan eta taberna batean, Kiden. 

Ostegunean azokan egongo dira kamisetak, jertseak eta katiluak saltzen.

Eta zertarako erabiliko duzue diru hori?
Diru horrekin janaria ero­siko da, boluntarioen bidaiak ordainduko dira, eta orain, sukalde ibiltaria egiteko ka­mioi bat erosteko erabiliko da. Hau ez da GKE bat, eta jaso­tzen den diru guztia proiektu konkretu honetarako, oraingo errefuxiatuentzat izango da.

Beste ekintzarik aurreikusi duzue?
Oraingoz bakarra: ostegunean  Hernaniko azokan egongo gara kami­setak, jertseak eta ka­tilu­ak saltzen. Hortaz aparte, ideia asko dauzkagu, baina ez da­kigu jauzatuko diren ala ez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!