Igerilekua haunditzeko bigarren fasea aurkeztu zuen atzo Gobernu Taldeak, Hirigintza Batzordean. Fase honen helburu nagusia igerilekua haunditzea izango da; nahiz eta beste bi ardatz ere, landuko diren: irisgarritasunak eta segurtasuna; eta energia berriztagarriak. Beraz, igerilekua haunditzeaz gain, igogailua eta komunikazio nukleo berria egingo dira. Era berean, energia berriztagarrien erabilera indartuko da. Obraren kostua, hau da, lizitazioaren aurrekontua 2.135.000 euro gehi BEZa izango da.
Gobernu Taldeak azaldu zuenez, obraren helburu nagusia da kirol azpiegiturak egungo beharretara egokitzea: «hau da, jarduera fisikoa kolektibo guztien eskura jartzea, eta egungo eraikina hobetzea».
Igerilekua, azpiegitura erabiliena
Gobernu Taldeak azaldu zuen Kiroldegia dela herrian gehien erabiltzen den azpiegitura. 7.000 bazkidetik gora ditu, eta igerilekuan bereziki, adin guztietako ehundaka lagun pasatzen dira, egunean zehar. Gobernu Taldeak dio, Kiroldegiaren egungo azpiegiturak ez dituela herritarren beharrak asebetetzen, eta horretaz jabetuta, aurreko legegintzaldian, Kiroldegia berritzeko proiektua hasi zirela lantzen: «Diputazioari aurkeztu zitzaion proiektua, eta kirol instalazioak berritzeko udal bati eman zaion diru laguntzarik haundienetakoa eman zion Udalari, 600.000 eurokoa». Hala, Foru Aldundiaren dirulaguntzaren babesean, lanari ekin zion Udalak.
Bi fasetan banatu zituen aldaketak. Lehen fasea bukatu berri da: aldagelak berritu dira eta instalazio termikoak optimizatu dira. Energia eraginkortasuna bultzatzeagatik dirulaguntza jaso du Udalak, Energiaren Euskal Erakundetik eta Foru Aldunditik; eta irisgarritasuna bultzatzeagatik, Eusko Jaurlaritzarena. Gobernu Taldeak azaldu zuenez, bigarren fase honetan ere, energia eta irisgarritasun alorretan irizpideak betetzeagatik dirulaguntza jasotzea espero dute.
Proiektua, elkarlanean
Gobernu Taldeak jakinarazi duenez, proiektu honen atzean hilabeteetako lana dago: «2015eko urriaren 20an esleitu zitzaion obra Uzcanga Arquitectos SLri, eta ordutik, aditu taldea aritu da proiektua lantzean, Hernaniko arduradun politikoekin, Hirigintzako teknikariekin eta Kiroldegiko arduradunekin».
Proiektua ahalik eta egokiena izateko bidean, baita ere bildu dira Kiroldegiko arduradunarekin, igerilekuko monitoreekin, mantenuko langileekin, Koxkarekin eta Elkartu koordinadorarekin. Waterpolo eta igeriketa taldeekin ere bilerak egin dituzte. Bilera horien helburua izan da igerilekua bereziki eta kiroldegia orokorrean erabiltzen dutenen ikuspuntua jasotzea: «obra egin ondoren azpiegitura ahalik eta erabilgarriena, egokiena eta efizienteena izatea nahi dugu, herritar guztiei zabalik eta eskuragarri».
Beraz, eta hasieran aipatu bezala, igerilekua haunditzeaz gain, beste bi ardatz izango ditu obrak: energia berriztagarrien aldekoa eta eraikinaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea.
Igerileku haundiak bi sakonera izango ditu
Igerilekuak haunditzeko obrak hainbat aldaketa ekarriko ditu. Batetik, aipatu bezala, igerileku nagusia haunditu egingo da. 25 metroko luzeera eta 16,5 metroko zabalera izango du; 8 kale hain zuzen. Berrikuntzetako bat da, bi sakonera izango dituela: zatirik haundienean 1,80 metro ingurukoa; eta beste aldean, 1,50 eta 1,40 metro artekoa. Honek ahalbidetuko du, besteak beste, ur jarduerak egiten dituzten herritarrek gune bat izatea: aqua gym, ur ekintzak, errehabilitazioa edo bestelakoak egin ahal izateko.
Bestetik, igerileku txikia egongo da. 14,5 metroko luzeera izango du, eta 7,5 metroko zabalera. 0,75 metro eta 1,30 metro arteko sakonera izango du honek.
Aipatzekoa da baita ere, bi igerilekuak lekuz aldatuko direla: haundia txikiaren lekuan egongo da; eta txikia, beste ixkinean.
Igerileku harmailak gutxi erabiltzen direla eta, kopurua murriztea erabaki da. Gainera, harmaila azpiko azalera haundituko da materiala gordetzeko.
Beste nobedadea izango da, kanpoan terraza-solarium bat egingo dela.
Energia berriztagarrien aldeko apustua
Kiroldegia da Udal eraikinen artean, gas kopuru haundiena kontsumitzen duena, %30a. Bigarren fase honetan, kiroldegian biomasa instalazio berria egitea erabaki da: «hala, energia fosilen kontsumoa murriztu egingo da eta ingurumenaren gaineko eragina txikitu egingo da». Zentzu honetan, beste hainbat berrikuntza ere egingo dira: uraren berritzea egiterakoan, uraren bero energia berreskuratzeko sistema ezarriko da; igerilekuetako klimatizagailua eta hezetasuna kentzeko gailua berrituko da; eta instalakuntzen jarraipena eta energiaren kudeaketa egokia egiteko kontrol eta erregulazio sistemak ezarriko dira.
Igogailua, eta gehiago
Irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak ere egingo dira. Batetik, Latsunbe Berri auzoan egingo den komunikazio nukleo berriak ziurtatuko du bost solairuen irisgarritasuna eta goiko bi planten segurtasuna.
Igogailua izango da beste nobedadea. Beheko solairua eta spining eta pilates gelen solairua lotuko ditu. Aldageletarako sarrera ondoan egongo da eta bi erabilera izango ditu: bazkide edo instalazioen erabiltzaileenak; eta erabiltzaile ez direnak, hau da kafetegi edo harmailetara igo nahi dutenak.
Urtebete itxita
Igerilekuak San Joanetan itxiko dira urteko garbiketa egiteko eta obrak uztailean hasiko dira. Urtebete inguru iraungo dute, eta denbora horretan, kiroldegiko gainerako instalazioak irekita egongo dira, egiturazko lan puntualak egiteko izan ezik. Obrak iraun bitartean, hernaniarrei zerbitzua bermatzeko alternatiben bila dabil Udala; Donostiako Udalarekin ari da aukerak aztertzen.