Sortu daitezkeen aukera guztiak aprobetxatzeko asmoz bidaiatu du Hernanik gaur, Bartzelonara. Santboianaren kontra neurtuko ditu indarrak bihar, Baldiri Aleu zelaian. Partidua eguerdiko 12:00etan hasiko da.
Getxoren kontrako porrotaren ostean, Hernanik ez du panorama ona aurretik. Santboiana bihar, eta ligako beste hainbat oilar izango ditu arerio, datozen partiduetan. Beraz, sortzen zaizkion aukera guztiak aprobetxatzea izango dute helburu, puntuak gehitzeko.
Biharko partiduari dagokionean, kontuan izan behar da Santobianak Play Offa jokatzeko aukera asko dituela, baina momentuz, ez du ezer ziurtatuta. Hori horrela, talde kataluniarrak ez du despisterako tarterik. Hernanik dena eman beharko du beraz, punturen bat eskuratu nahi badu.
Genua, Hong Kongen
Igor Genua baja izango da biharkoan. Izan ere, Estatuko zazpiko deialdian sartu da, apirilaren 8-9an Hong Kongen jokatuko den 2017ko World Seven Series torneoko sailkatze fasean aritzeko.