Aste berezia du aurretik Dobera Euskara Elkarteak, izan ere, bi zita garrantzitsu ezarri ditu: bata, ipuin kontaketa asteazkenean; eta bestea, Bota Bertsoa! lehiaketako sari-banaketa ostiralean. Biterin izango dira biak, baina ordu desberdinetan: asteazkeneko ipuin kontaketa 17:30etan hasiko da, eta ostiraleko sari-banaketa, 19:00etan.
Ipuin kontaketa, Udal liburutegiarekin elkarlanean
2015ean Doberak argitaratutako bi liburuen kontaketa egingo da asteazkenean: Zozomikoteak, eta Chertat eta Lehoia, hain zuzen.
Euskeraz egingo ditu bi kontaketak Jexux Eizagirrek, eta Chertat eta Lehoiaren kasuan, hasanieraz, jatorrizko hizkuntzan, ere entzun ahal izango da, Cheij Amhed Bahiaren eskutik.
Horrez gain, egile nahiz ilustratzaileek liburua sinatzeko aukera ere izango da bertan.
Asteazkenean, 17:30etatik aurrera bi ipuin kontaketa egingo dira, Biterin.
Bertsorik onenak aukeratzeko unea, ostiralean
Aurreko urteko arrakasta ikusita, Doberak eta Iraulio Panttalone Bertso Eskolak Bota bertsoa! ekimena antolatu dute aurten ere. Ze krisi?! gaiaren inguruan, 180 bat bertso jaso dira Hernaniko, Astigarragako eta Urnietako 23 sagardotegitan bi hilabetez; eta orain, bertso hoberenak aukeratzeko momentua iritsi da.
Ostiralean jasoko dituzte sariak Bota Bertsoa! ekimeneko bertso onenek.
Jasotako bertso guztietatik aukeratuko dira bertsorik sakonena, umoretsuena, poetikoena, teknikoena, erritmikoena, xelebreena, originalena, morbosoena, kaligrafiarik txukunena duena... Eta ostiralean banatuko dira sariak.
Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, saio irekian egingo da sari-banaketa Biterin. Eta ondoren, saria jasotzen dutenek emanaldia egingo dute Bertso Eskolako kideen laguntzarekin.