Martxoaren 19ko Plenoan onartu ziren Astigarragako 2016ko Udal Aurrekontuak, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrakoekin; PSE-EEko ordezkariak ezin izan zuen bertan egon.
Orain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 eguneko epean, jendaurrean ikusgai izango dira aurrekontuak udaletxean, hala nahi duenak zuzenketak proposatu ahal izan ditzan; hurrengo Plenoan onartuko dira behin-betiko.
Igoera, foru-funtsari esker
Aurtengo Astigarragako aurrekontua 8.753.257,60 eurokoa da; 2015ekoa baino %11,16 haundiagoa. Igoera hori, hain zuzen, diru sarreretako transferentzi arruntei eta kapital-transferentziei dagokie.
Aurrenekoaren kasuan, foru-funtsak diru transferentzia haundiagoa egin du aurten, populazioaren igoerarekin lotuta. Bigarrengo kasuan, Foru Aldundiak emandako dirulaguntza haunditu da, bidegorriaren eta Udal Kiroldegiko obra direla eta.
Gastu arruntak eta langile gastuak, gora
Diru-sarrerak igo diren bezala, gastuak ere igo dira, aurtengo aurrekontuetan.
Batetik, %7,76ko igoera izan du langileen gastuak, eta 1.879.900 euro bideratuko dira horretara. Izan ere, Ogasun eta Ondare zinegotziak, Juan Martin Arregik azaldutakoaren arabera, «EUDEL eta Eusko Jaurlaritzaren gomendioak jarraituta, %1 igo dira langileen soldatak, izoztuta zeudelako. Bestalde, kirol teknikariaren lanaldia erditik osora pasa da, eta oposizioko kide baten liberazioa ere aurreikusi da».
Gastu arruntak ere igo dira, %15,96, eta 3.717.852 euro bideratuko dira zerbitzuetara: lokal, kale, etxe, parke eta abarren mantenimendua, adibidez. «Populazioa haundiagoa denez, zerbitzuak ere haunditu egin behar dira», azaldu du Arregik. Era berean, gastuetan nabarmena da inbertsioen atala.
Hainbat inbertsio egingo dira aurten: bidegorria, kiroldegiko obra, babes ofizialeko etxeak, uholdeen aurkako lanak, Sagardo Plazako urbanizazioa...
Bidegorria eta Udal Kiroldegiko obra, inbertsio nagusiak
Aurrekontu osoaren zati haundi bat, 8.753.257,60 eurotik 1.931.636 euro, inbertsioetara bideratuko da. Atal honetan ere igoera izan da, aurreko urtearekin alderatuta; %7,15ekoa, hain zuzen ere.
Hau ahalbidetu duena izan da, besteak beste, populazioaren igoera dela eta, gastu arruntetara bideratuta foru-funtsa igo izana; finantza gastuak (Udalak ordaintzen dituen interesak) %43,29 jaitsi izana; eta Foru Aldundiaren kapital transferentzia, aurreikusi diren obrak direla eta, haunditu izana.
Inbertsio nagusiak bi izango dira. Batetik, bidegorria egiten hasiak dira, herrigunetik Zarkumendegiko zelaira; 624.136 euro bideratuko dira. Horrekin batera, errepidea desbideratu beharko dute, bidegorria eskubian egin ahal izateko. Era berean, aprobetxatu egingo da gasa bertara eramateko, azpiegiturak hobetzeko, argiteria egiteko...
Beste obra haundia Udal Kiroldegian egingo dute; 545.000 euro bideratuko dituzte horretara. Aurten, goiko terraza kristalarekin itxi, gunea egokitu eta muskulazio eta fitness gela berria sortuko dute bertan. Era berean, fatxada isolatuko da. Baina obrekin jarraituko da aurrerago ere; beheko solairuko hainbat gune libre geratuko dira terrazako gela berria erabiltzen hastean, eta asmoa dago beheko gela horiek beste jarduera batzuetarako egokitzeko.
Babes Ofizialeko etxeak, Sagardo Plazaren urbanizazioa eta bestelakoak
Inbertsio nagusiak bidegorrira eta Udal Kiroldegira bideratuko badira ere, egingo dira gehiago.
Batetik, Herri Eskolako obraren likidazioa onartu da (121.771 euro), eta orain, obraren ondorioz geratu den lur eta harri pilaketa txukuntzeko 42.600 euroko partida jaso da.
Bestetik, Urumea Berri promozioaren barruan, Babes Ofizialeko 8 etxebizitza eskuratuko ditu Udalak (117.125 euro) eta altzari eta etxetresnekin hornituko ditu (50.000 euro).
Bestalde, Juan Martin Arregi Ogasun eta Ondare zinegotziak azaldutakoaren arabera, «PSE-EE eta EH Bilduren emendakinak kontuan hartuta, 60.000 euroko partida jaso da uholdeei aurre egiteko».
Era berean, argiteria berrituko da; hainbat faroletako bonbila zaharrak LED argiekin ordezkatuko dira (44.676 euro).
Bestalde, Sagardo Plaza urbanizatzeko 30.000 euroko partida aurreikusi da.
Beste inbertsio batzuen artean, berriz, jaso dira ermita inguruan wifia jartzea, ur kontadoreak berritzen segitzea, hainbat azpiegitura lan...
Gizarte Zerbitzueta, dirulaguntza partida berri bat jarriko da martxan, baliabide gutxiko familiei kiroldegiko eta musika eskolako kuotak ordaintzen laguntzeko.
Gizarte Zerbitzuetako hainbat partida ere, gora
Aurrekontuetan kontuan hartu dira, baita ere, abenduko Gizarte Zerbitzuetako eta Giza Eskubideetako Batzordean aurkeztutako proposamenak, Zorione Etxezarraga zinegotziak azaldutakoaren arabera.
Besteak beste, 8.000 euroko partida jaso da giza eskubide eta elkarbizitzarako proiektuetarako. Era berean, haunditu egin dira partidak arrisku egoeran adin txikikoak dauzkaten familien bitartekaritzarako (62.000 eurotik 65.000 eurora), larrialdi egoeretako laguntzetarako (4.500 eurotik 15.000 eurora) eta pobreziaren aurkako planerako (5.000 euro gehiago).
Bestalde, zaharren egoitzarako partida %33 igo da; 12.000 euro bideratuko dira.
Gainera, dirulaguntza partida berri bat sortzea onartu zen batzorde hartan: baliabide gutxiko familiei kiroldegiko eta musika eskolako kuotak ordaintzeko laguntza. Horrela, %50eko hobaria jasoko dute familiek kiroldegiko seihileko edo urteko kuotan, eta baita igerilekukoan ere. Era berean, Musika Eskolari dagokionez, Lenguaia Musikala ikasten duten ikasleei urteko kuotaren %50 itzuliko zaie, eta musika tresnaren batean matrikula eginez gero, kuota osoaren %50a itzuliko zaie.
«Bi milioi euroko inbertsio aurrekontua; inoiz baino haundiagoa»
Gobernu taldeak azaldu du «2016ko aurrekontu orokorrak osatzeko irizpidea» zein izan den: «ahal izan den neurrian, EH Bildu eta PSE-EE alderdien proposamenak eta ekarpenak ere gobernuarenean txertatzea». Zentzu horretan, azpimarratu du: «gobernu jeltzaleak onartu egin zituen PSE-EEren lau zuzenketak, bai eta EH Bilduk aurkeztu zituen ia emendakin gehienak ere».
Horren harira, EAJ «harrituta» azaldu da, «EH Bilduk ez zuen 2016ko aurrekontuen alde bozka eman. Udal gobernuak uste du herriko zerbitzuak hobetu ahal izateko ezinbestekoa dela alderdien arteko elkarlana. Hortaz, EH Bilduk izan duen jarrera ulertu ez arren, elkarlana izango da gobernu jeltzalearen lan ildoa, astigartar guztien mesederako».
«Udal gobernuak uste du alderdien arteko elkarlana ezinbestekoa dela. Hortaz, ez du ulertzen EH Bilduk izandako jarrera»
Aurrekontuen edukien inguruan, gobernu taldeak azpimarratu du «Astigarragak inoiz izan duen inbertsio-aurrekonturik haundiena» edukiko duela aurten; «ia 2 milioi eurokoa, iaz bainao %7,15 gehiago. Azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzea izango da helburu nagusia. Atal honen barruan, gobernu jeltzaleak kiroldegiko obra-lanak jarraitu eta indartuko ditu, udarako Zarkumendegiraino iritsiko den bidegorriaren obra bukatuko du, eta aurrekontuetan kaleen eta azpiegituren mantentze-lanak gauzatzeko diru kopurua nabarmne igo du».
Bestelako «hirigintza proiektu berriak» hasiko direla ere azaldu du gobernu taldeak: «Sagardo Plazaren urbanizazio lanak edo Anuskare gunearen bigarren fasea».
Azkenik, gogorarazi du aurrekontu partehartzaileak martxan jartzeko asmoa duela.
Sozialistek 4 emendakin, «gabeziak zuzentzeko»
Astigarragako PSE-EE alderdiak lau emendakin aurkeztu dizkie aurrekontuei, 69.000 euro eskatzen dituztenak. «Aurrekontuak herritarrentzako erabilgarriak dira, baina ez dira Alderdi Sozialistaren aurrekontuak. Hala ere, aurkeztutako lau emendakinek, aurrekontu proiektuan sartu direnek, gabeziak zuzentzen dituzte», azaldu du Mikel Durán bozeramaileak.
«Batzordetik konforme atera ginen EH Bildukook, baina Plenoan ezezkoa bozkatu genuen; batzordean onartutako ekarpen batzuk falta zirelako»
Lau proposamen horietan «garrantzitsuena» da, irisgarritasun plan berri bat egitea, «oztopo arkitektonikoak ezabatzeko; gainera, beste erakunde batzuen dirulaguntzak eskuratzea ahalbidetu dezake». 25.000 euroko partida proposatzen du horretarako.
Beste proposamen bat da 20.000 euroko partida sortzea, «uholdeek eragindako kalteak gutxitzeko mantenimendu obrak egiteko».
Era berean, PSE-EEk «18.000 euroko funtsa» eskatu du, «aldi baterako kontratazioetarako, Eskualdeko Agentzia bultzatzen ari den enplegu planaren osagarri».
Azkenik, «memoria historikoa errekuperatzeko 6.000 euroko beka» sortzea proposatu du. «Aurreneko aldia izango litzateke Astigarragan memoria historikoa errekuperatzeko partida aurreikusiko dena».
Duranek gehitu du: «PSE-EEtik proposatutako lau emendakinek nabarmen hobetzen dute aurrekontu proposamena; espero dugu alderdi guztiek onartzea».
«PSE-EEtik proposatutako lau emendakinek nabarmen hobetzen dute aurrekontu proposamena»
«EH Bilduk ezezkoa bozkatu du, udal gobernuak jan egin duelako emandako hitza»
EH Bilduk azaldu du zergatik bozkatu zuen Plenoan aurkeztutako aurrekontu proposamenaren kontra. «EH Bilduk ezezkoa bozkatu du aurtengo aurrekontuetan, udal gobernuak jan egin duelako emandako hitza».
Azaldutakoaren arabera, aurrekontu proposamena aurkeztean, «zehaztu gabeko partida asko zeuden». Hori horrela, EH Bilduk 24 emendakin aurkeztu zituen; «1.164.000 euroko zakua osatzen zuten».
Hain zuzen, EH Bilduk azaldu du proposamen horiek Plenoaren aurretik egin zen Ogasun Batzordean egin zituzela, eta «onartuak asko» izan zirela. Besteak beste, «berdintasun politikak indartzeko kopurua areagotzea 28.000 eurotik 38.000 eurora; Sagardo Plaza eraberritzeko proiektua idazteko diru partida berria, 30.000 eurokoa; uholdeen aurkako lanak egiteko 40.000 euro, EH Bildutik 143.000 euro eskatu arren; eta zaharren egoitzako dinamizatzailea kontratatzeko 6.240 euroko partida».
Hori horrela, EH Bilduk azaldu du: «batzordetik konforme atera ginen, baina Plenoan ezezkoa bozkatu genuen; batzordean onartutako ekarpen batzuk falta zirelako: Anuska eraberritzen jarraitzeko 102.222 euro; lehen sektorea indartzeko 12.000 euro; Martindegiko auzo biltokiaren inguruan behar diren hiritartze lanak egiteko 27.000 euro; Perurenako frontoiko gune bat biltoki gisa egokitzeko 10.000 euro; edota garapen bidean dauden herrialdeei laguntzean, aurrekontu osoaren %0,7a bermatzea».
Gehitu du, «eskua luzatu» diotela udal gobernuari, baina «aurpegira barre» egin diela.
2016ko Udal Aurrekontuak (Aurrekontu osoa 8.753.257,60 €)
ASTIGARRAGAKO UDALA
Sarrerak
- Zuzeneko zergak...............2.168.717
- Zeharkako zergak ................382.985
- Tasak eta bestelako zergak....................................1.286.922
- Transferentzia arruntak......3.525.845
- Ondare sarrerak .....................55.503
- Inbertsioak besterenganatzetik eta Hrigintza Jardueretatik ondorioztatuak ........................333.740
- Kapital transferentziak .........797.544
- Finantza aktiboak.................202.000
Gastuak
- Pertsonal gastuak ............1.879.900
- Gastu arrunta eta zerbitzuak.............................3.717.852
- Finantza gastuak ....................1.500
- Transferentzia arruntak .......964.571
- Inbertsioak ........................1.931.636
- Kapital transferentziak ..........54.799
- Finantza aktiboak ....................7.997
- Finantza pasiboak ...............195.000
ASTIGARRAGA LANTZEN SA UDAL-ELKARTEA
- 25.000 euroko inbertsio txikiei mugatutako jarduera.
- 200.000 euroko itzulketa partzialaren aurreikuspena, Udalak emandako aurrerakinari dagokiona.
INBERTSIO NAGUSIAK
- Bidegorria Zarkumendegira 624.137 euro
- Kiroldegiko terrazan muskulazio eta fitness gela berri bat sortzea, eta fatxada isolatzea 545.000 euro
- Eskolako obraren likidazioa (egina) 121.771 euro
- Babes ofizialeko 8 etxe (BEZa) 117.125 euro
- Uholdeen aurkako lanak 60.000 euro
- Babes ofizialeko etxeak altzariekin hornitzea 50.000 euro
- Argiteria (faroletako bonbila tradizionalak LED argiengatik aldatu) 44.676 euro
- Herri Eskola (obra dela eta, atzealdean geratu den harri eta lur pilaketa txukuntzea) 42.600 euro
- Sagardo Plaza urbanizatu 30.000 euro
- Informazio prozesuetarako ekipoak (ermita inguruan wifia jartzea) 27.000 euro