Helikopteroaren hotsa aurrena, kotxe eta motoena ondoren, eta txirrindulari tropel batena, tropel haundi batena azkenik, entzungo dira Urumea bailaran, datorren asteazkenean. Ibaiak bezalaxe, bailaran behera egingo du Euskal Herriko Itzuliak, munduko txirrindulari onenak tartean direla.
Goizuetan sartu eta Astigarragan atera, Urumea bailara osoa zeharkatuko du Itzuliaren hirugarren etapak (193,5 kilometro); Gasteizen hasi eta Lesakan bukatuko denak.
Arratsaldeko hirurak aldean, Goizuetara jaitsiera
Leitzatik etorriko da tropela bailarara, Usategietako gaina igota. Arratsaldeko 15:00ak aldean jaitsiko dira Goizuetara, eta hortik aurrera, Urumea ibaiaren erroari segituko diote: Pagoaga, Ugaldetxo eta Ereñotzu, 15:30ak aldean zeharkatuko dituzte, eta 15:45ak direnean pasako dira Zikuñagako errotondatik, Astigarragara bidea hartzeko, A-15 errepidetik.
Astigarragan azken irteeran atera, eta Bentetara igoko dira zuzenean, Perurenara, arratsaldeko 16:00ak inguruan.
Hortik Lesakako helmugara, 43 kilometro geratuko zaizkie txirrindulariei; eta tartean, oraindik hiru mendate igotzeko: Aritxulegi eta Agiña, biak bigarren mailakoak; eta La Piedad gaina, hirugarren mailakoa, helmugara 10 kilometro exkax geratuko direnean.
Ostegunean, Hernani eta Astigarraga ingurutik
Laugarren etapan ere pasako da Urumea bailaratik Euskal Herriko Itzulia, ostegunean. Lesakan hasi eta Jaizkibel eta Arkaleko gainak igota, Oiartzundik etorriko dira Astigarragara bidean, 14:15ak inguruan. Bentetatik jaitsi, eta poligonoko errotondan A-15 errepidera desbideratuko dira. Hortik, Hernaniko azken irteerara joango dira, eta Galarretara bidea hartuko dute, Santa Barbara, Txantxilla, Karobieta eta Marieluts auzoen ondotik pasata, 14:30ak aldean.
Orion bukatuko da etapa, hiru aldiz Aia igo ondoren.