Sei egun eta mila bizipen izan dituzte Hernaniko Eskubaloi Taldeko neska-mutil infantilek, Portugalen. Joan den asteartean abiatu eta atzo buelta, Andebolmania nazioarteko torneoa jokatu dute San Joao de Madeiran, eta maleta bete oroitzapen etorri dira.
Hernaniko bi talde aritu dira torneoan, neska infantilak eta mutil infantilak; eta emaitza oso bestelakoak izan badituzte ere, guztiek bizitu dute «esperientzia ahaztezin bat», eta «ikuskizun haundi batez» gozatu dute. Gainera, eguraldia lagun, turismoa egiteko ere aprobetxatu dute.
Neskek, ezin garaipenik lortu
Txapelketa zaila izan zuten neska infantilek, eta jokatutako lau partiduak galdu zituzten. Debutean, ADS talde portugaldarra nagusitu zitzaien 7-21; eta bigarrenean, CB Salamanca izan zen nagusi (11-28), aurreneko zatian hernaniarrak bikain aritu ziren arren.
Torneoaren hirugarren egunean, berriz, zita bikoitza izan zuten: Leganesen kontra goizean, 5-18 galduta; eta CB Caniza galiziarraren kontra arratsaldean (9-21).
«Ikuskizun haundi batez» gozatu dute eskubaloi taldekoek, eta eguraldia lagun, turismoa ere egin dute.
Mutilek, porrota bakarra bost partidutan
Mutilek, berriz, torneo bikaina jokatu zuten. Debutean bakarrik galdu zuten, Beca portugaldarraren kontra (15-27), eta egun berean, 17na berdindu zuten Bueu Atletico galiziarrarekin. Eta bigarren egunean lortu zuten aurreneko garaipena, Vigoko Academia Octaviori irabazita (22-19).
Beste berdinketa bat lortuko zuten laugarren partiduan, CB Tui galiziarraren kontra (14-14). Eta garaipen batekin bukatu zuten txapelketa, 14garren postuan, Bueu Atleticori 21-18 irabazita.