Olinpiada astean sartu gara gaur; 2016ko Hernaniko Gazte Olinpiaden inaugurazio astean, hain zuzen ere. Larunbatean hasiko dira, eta bi proba jokatuko dituzte, estreinako egun horretan.
Goizeko 10:30etan jarri dute zita, Atsegindegin, eta sukaldatzen ekingo diote aurreneko probari, 11:00etan, bi orduz. Tartean, psikokillerra izango da, 11:30etatik aurrera.
O faktorea, arratsaldean
Sukaldatutakoaren balorazioak egin, eta bazkaldu ondoren, ekitaldia izango da 16:00etan, eta 16:30etan hasiko da bigarren proba: O faktorea.
Behin probak bukatuta, txarangak alaituko du festa, eta kontzertuak izango dira gauean, 21:00etatik aurrera.
Bilera ostegunean, aurreneko eguna azaltzeko
Olinpiadak hasi aurretik, dena den, bilera bat izango dute ostegun honetan. Batetik, errifekin bildutako dirua jasoko dute; eta bestetik, aurreneko proba eguna azalduko dute. Iluntzeko 19:30etan izango da bilera, Kontrakantxa gaztetxean.
Beroketak eginda, prest
Ondo prestatuta iritsiko dira Hernaniko gazteak, Olinpiada hauetara. Izan ere, zenbait beroketa saio egin dituzte, azkeneko asteotan: martxoaren 11n, adibidez, bertso lizun afaria izan zuten gaztetxean, Minixtro eta Unai Gaztelumendirekin; eta martxoaren 19an, mendi martxa egin zuten Muniskora.
HERNANIKO GAZTE OLINPIADAK
Martxoak 31, Asanblada orokorra: errifen dirua jaso eta Olinpiadetako aurreneko egunaren azalpena
PROBA EGUNA: APIRILAK 2
10:30, Deialdia Atsegindegin
11:00-13:00, Sukaldatu eta, ondoren, balorazioak
11:30, Psikokiller
16:00, Ekitaldia
16:30, O faktorea
18:30, Txaranga
21:00, Kontzertuak: Eskaleak, Kolpatu eta Patxuko Nice