Frantziako hego-ekialdera zabaldu da Orona, Sealift Cote d’Azur enpresa erosita, eta horrela, herrialde osoan izango du estaldura.
Haunditu egingo da, beraz, Oronak duen merkataritza sarea zonalde horretan. Izan ere, berak kudeatuko ditu, enpresa frantziarrak igogailuen mantenu-lanetarako zeuzkan 2.000 kontratuak.
Sealift Cote d’Azur enpresa, Itsas Alpeen departamentuko liderra da jasogailugintzaren merkatuan. Saint Laurent du Varen dauka egoitza.
Erosketa honekin, 95 milioi euro baino gehiagoko negozio zifra izango du Oronak Frantzian.
24.000 mantenu kontratu baino gehiago, Frantzian
Eskuratu berri dituen horiekin, zerbitzuen negozio-bolumena haundituko du Oronak. Guztira, 24.000 mantenu kontratu baino gehiago kudeatuko ditu Frantzian, eta 95 milioi euro baino gehiagoko negozio-zifra izango du.
Xabier Mutuberria Oronako zuzendari nagusiaren ustez, «Sealift Cote d’Azur erostea giltzarria da Orona Frantzian garatzeko eta finkatzeko, eta aldi berean, nazioartean hazteko dugun estrategia indartzen du».