Ostegun Santua da gaur, eta ohiko mezak izango dira Hernanin, hiru elizatan: Ereñotzuko San Antonio elizan, arratsaldeko 18:00etan egingo dute; Floridako San Jose Langilean, 19:30etan; eta San Joan Bataiatzailearen parrokian, 20:00etan.
Berezia izango da parrokiko meza hori. Izan ere, Zikuñagako Amaren kapera berria inauguratuko dute. Kapera bedeinkatuko dute hasieran; eta bukaera aldera, jaunartzearen ondoren, bertara eramango dute Jauna, monumentura eraman ordez; eta haren atzetik, Zikuñagako Amaren irudia.
Gaur beteko dira 37 urte, Zikuñagako Amaren irudia desagertu zela, bere ermitatik.
Gurutz bidea, bihar
Ostiral Santuz, berriz, Gurutz bidea egingo dute bihar, goizeko 08:30etan parrokian hasita, Santa Barbarara. Ereñotzuko San Antonio elizan, aldiz, meza izango da 09:00etan; eta San Joan Bataiatzailean, 11:00etan.
Arratsaldean ere izango dira mezak, Pasio ospakizunari dagozkionak hain justu: Ereñotzun 18:00etan, parrokian 18:30etan, eta 19:30etan Floridako San Jose Langilean.
Pazko gaubeila, larunbatean
Asteburuan ere jarraituko dute Aste Santuko mezek. Larunbat Santuan, Pazko gaubeila egingo dute Ereñotzun, 19:00etan, eta San Joan Bataiatzailean, 20:00etan.
Pazko igandean, berriz, lau meza izango dira: Agustinetan 09:00etan; Ereñotzun 10:00etan; Floridan 11:00etan; eta San Joan Bataiatzailean 12:00etan.