Tomas Otermin eta Telmo Semperena nagusi, taldeka

Kronika - Erredakzioa 2016ko mar. 24a, 01:00

Hiru hitzordu izan dituzte Astigarragako txirrindulariek asteburuan: Hernanin, Zarautzen eta Azpeitian. Bihar eta igandean berriz, juniorrek soilik dute lasterketa. Hurrenez hurren, Durangok eta Agurainen izango dira.

Larunbat arratsaldean Hernanin jokatu zen lasterketa, alebin eta Infantil mailako laugarrena. 69 korrikalarik hartu zuten parte, eta Aketza Bolado eta Tasio Semperena izan ziren Astigarragako ordezkariak eta lasterketa ona egin zuten; 23 eta 8garren postuan sailkatu ziren, hurrenez hurren. Proba Iago Agirre taldekideak irabazi zuen; mailako onenetakoa dela erakusten ari da azken probetan. Infantil mailan, Jaime Romerok ezin izan zuen parte hartu, eta baja izango da aste batzuetan. Izan ere, erorketa baten ondorioz, lesionatu egin da txirrindulari astigartarra.

 

Tomas Otermin eta Telmo Semperena, garaile taldeka
Zarautzen ere bazuten hitzordua larunbat arratsaldean Astigarragako txirrindulariek. XXVI Zarauztarra Saria jokatu zen: 51 kilometroko ibilbidea. Bertan izan ziren Tomas Otermin eta Telmo Semperena astigartarrak; 124 txirrindularik hartu zuten parte. Iraetatik barrena, aurreneko bueltan, bost txirrindularik ihes egitea lortu zuten, tartean, Aitor Larrañaga taldekideak. Helmugaraino aurretik joan zen taldetxoa, eta sprintean, Haritz Erasun Zarauztarrak lortu zuen garaipena. Tomas eta Telmok tropela kontrolatzeko ardura izan zuten larunbatekoan; 20 eta 11garren postuan sailkatu ziren, hurrenez hurren. Gainera, joan den astean bezala, taldeka irabaztea lortu zuten.

 

Urko Semperena tira eta tira, Azpeitian
Junior mailan, Urko Semperenak astigartarra Azpeitian izan da asteburuan. Atakatuz hasi zuen lasterketa astigartarrak, Eizagako gainean; Manduabiako igoera hasieran ordean, tropelak harrapatu zuen. Semperenak bazekin bera baino txirrindulari indartsuagoak zeudela lasterketan, baina desgaste lan ederra egin zuen Xabier Mikel Azparren eta Iñigo Etxarri taldekideei laguntzeko. Erritmo gogorra jarri zuen buruan, eta talde bat baino gehiagotan banatuta geratu zen tropela. Gailurrera iristeko 2 kilometroren faltan, Urkok Xabier Mikeli utzi zion bidea, eta honek tira zuen helmugara arte. Aitor Zurdo eta Alvaro Garcia, Limousin eta Isidoro San Justo taldeetako txirrindulariak izan ziren lasterketako bizkorrenak, azken aldapa aprobetxatu  eta ihes egin baitzuten. Sprint ikusgarria joatu zen, eta Aitor Zurdo izan zen azkenik, nagusi.

 

Juniorrek hitzordua, gaur
Aste Santuko atsedenaldia izango dute asteburuan alebin, infantil eta kadeteek. Juniorrek berriz, hitzordu bikoitza dute. Bihar Durangon jokatuko dute El Memorial Aitor Bugallo lasterketa, 80 kilometrokoa. Igandean berriz, Agurainen izango dira, XLI Sallurtegi Sarian; 79 kilometroko lasterketa, tartean, Opakuako tontorra dutela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!