Udaberrian sartu garen honetan, bere ezkutalekuetatik aterako dira liztor asiatiko erreginak, kabi berriak egiten hasteko. Udalak azaldu duenez, aurreneko kabi horiek ez dituzte egiten zuhaitzetan, babestuta dauden tokietan baizik: teilatuen hegalen azpikaldean, ganbaretako sabaietan, balkoietako sabaian, pertsianen kaxetan...
Aurreneko kabiak, «kentzeko errazagoak»
Eta jakinarazi du, horiek errazagoak direla kentzen: «hasierako kabi horiek kentzeko, ez da baliabide haundirik behar, txikiak baitira eta liztor gutxi baitaude bertan».
Udaltzainek eurek kentzen dituzte, salabardo batekin. Eta horregatik, laguntza eskatu diete herritarrei: «zenbat eta horrelako gehiago kendu, orduan eta baliabide gutxiago erabili beharko ditugu udan eta udazkenean. Beraz, herritar bakoitzak bere ingurua aztertzen badu, eta ikusten duenaren berri ematen badu, denok irabaziko dugu», animatu dituzte herritarrak.
Kabi txikiak ikusiz gero, deitu Udaltzaingora
Hortaz, liztor asiatikoaren kabi txikiren bat ikusiz gero, Udaltzaingora deitu behar dute herritarrek: 943 24 89 00.
Ondoko argazkian azaltzen denaren tankerakoak dira, liztor asiatikoaren kabiak.