Pausoz Pauso aurrera dijoazela dio A3 Orain! taldeak Kronikara bidalitako prentsa oharrean: «orain arteko ibilbidearen balorazioa oso baikorra da, lana eginez goaz aurrera. Bi hilabete joan dira lanean hasi ginenetik, eta lorpenak baino ez ditugu, lorpen txikiak, xumeak, baina lorpenak».
Prentsa oharrean diote, hasi zireneko taldea mantentzea lortu dutela, eta sinadura bilketan dendariak, ostalariak eta herria inplikatzea lortu dutela: «Astigarragan inoiz jaso den sinadura kopururik haundiena bildu dugu, 1.700 sinadura alegia».
«Plenoan, eztabaida luzea»
Osoko bilkuran lortutakoa ere, ez dela nolanahikoa izan diote oharrean: «genituen aurreikuspenak ez ziren batera onak, Alkateak inongo azalpenik eman gabe mozioa ez baitzuen Gai Zerrendan sartu; nahiz eta guk denboran eta forman egoki aurkeztu. Plenoa hasi eta berehala karamelutxo bat ere jarri ziguten gu tentaldian erortzeko, baina txikiegia zen hainbeste jaleentzako. Azkenean, Andoniri esker eta Urgentziazko Prozedura erabilita, gure mozioa eztabaidatu zen. Eztabaida luzea izan zen, batzuetan sutsua, baina beti errespetuz jantzia. Emaitzari dagokionean, inork gutxik espero genuena gertatu zen, eta mozioak aurrera egin zuen EH Bilduren aldeko 6 bozkekin, eta EAJren 6 abstentziorekin. Beraz, lorpena, letra larriz idatzia».
Bilera, eskatzear
Bestetik, A3 taldeak azaldu duenez, mozioan biltzen den moduan, bilera eskatu behar dute Diputazioan: «Udaleko alderdi politiko ezberdinetako ordezkariek eta A3 Orain! lan taldeko ordezkariek osatuko dugu A3 Berreskuratzeko Batzordea. Batzorde honek bilera eskatuko dio Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako Diputatua den Marisol Garmendiari».
«Eskerrik asko, eta animoak»
Azkenik, A3 Orain! taldeak eskerrak eta animoak eman nahi dizkie astigartar guztiei: «prozesu hau tentuz eta orain arte bezala parte hartuz jarraitu dezazuela. Denok bat eginda lortuko dugu».