«Esperientzia zoragarri bat bizi eta eskubaloiaz gozatzeko», Portugalera dijoaz gaur, Hernaniko Eskubaloi Taldeko neska eta mutil infantilak.
Nazioarteko torneo bat jokatuko dute, Andebolmania 2016 txapelketa; eta guztira, 120 talde ariko dira bertan, 8 kantxa ezberdinetan, eta 1.700 jokalari elkartuko dira, toki askotatik joandakoak.
Hernanitik 80 bat lagun, San Joao de Madeirara
San Joao de Madeiran izango da hori, Oportotik 40 kilometrora, eta gaur abiatuko dira hernaniarrak bertara, goizeko 08:00etan.
Autobusez joango dira taldekoak, eta beste hainbat guraso kotxeetan. Guztira 80 bat lagun, bost eguneko esperientziaz gozatzeko.
Aurreneko fasean, Bueu Atletico, Leganes, A Cañiza, Salamanca... bezalako taldeak izango dituzte hernaniarrek aurrean. Eta gero, Balonmano Aragon, Sporting de Portugal, Benfica edo Oportoren kontra ere jokatu dezakete, kanporaketetan.
Hilabeteak, bidaia prestatzen
Hilabete asko eman dituzte bidaia hau prestatzen, guztien artean: jokalariak, senideak, zuzendaritza eta jarraitzaileak.
Izan ere, helburu garbi bat markatu zuen zuzendaritzak, denboraldi hasieran: nazioarteko torneo bat jokatzera joatea. «Ez bakarrik torneoaz gozatzeko, baita taldeko elkarbizitzaz ere. Espero dugu neska-mutilek asko disfrutatzea», azaldu dute taldekoek.