Majo egin du lan Hernaniko Arraun Elkarteak asteburuan. Larunbatean, Gipuzkoako Batel Ligako 11garren jardunaldia jokatu zuten arraunlariek Oreretan, eta 12garrena igandean, Orion.
Bestalde, ‘Maialen’ traineruak estreineko estropada jokatu zuen larunbatean, San Pedroko test estropadan.
Kadeteak podiumean, nesketan eta mutiletan
Lan txukunena kadete mailako arraunlariek egin dute. Oreretako estropadan, mutilek bigarren egin zuten, Tolosaldeatik 4 segundora. Neskak, berriz, hirugarrenak izan ziren, Hibaikatik, irabazletik, 8 segundora.
Era berean, neska seniorrek ere estropada polita egin zuten: orain arteko tarte txikiena lortu zuten, irabazlearekiko; 33 segundo. Mutil jubenilei dagokionez, laugarren postuan geratu ziren, Getaria txapeldunetik 17 segundora. Ondorioz, oraindik ere sailkapen nagusiko hirugarren postuari eusten diote.
‘Maialen’, nekatuta
Bestalde, San Pedroko test estropada jokatu zuen ‘Maialen’ traineruak larunbatean; denboraldiko aurrenekoa. Baina bateletan egindako ahaleginaren ondoren, arraunlarien nekea nabaria izan zen, eta ez zuten denbora txukuna egitea lortu.