Salbaziorako borrokan bukatuko du Hernanik denboraldia, beste urtebetez. Hil ala biziko partiduak izango dira, bihartik hasi, eta denboraldia bukatu bitartean jokatuko dituenak. Eta ahalik eta puntu gehien lortzea izango du helburu, jaistea edo jaitsierako play offa jokatzea saihesteko.
Getxori irabazi beharra, bihar
Orden honetan, Getxo, Santboiana, Alcobendas, Ordizia eta Complutense dira, Hernaniri denboraldia bukatzeko geratzen zaizkion partiduak. Aurreneko erronka, guztietatik garrantzitsuena, bihar dute, eguerdiko 12:00etan, Landaren. Aurrez aurre, dena emateko gai dela erakutsi beharko du Hernanik bihar. Hortzak erakutsi eta emaitzak lortzeko unea iritsi da; azken txanpa honetan, aurreneko finala izango da biharkoa. Hernani azkenaurrenekoa dijoa sailkapenean, 22 punturekin. Atzetik, azkena dijoa Pozuelo 16rekin. Eta aurretik, Gernika, 24rekin. Liga orain bukatuko balitz, Ohorezko B mailako taldearen kontra jokatu beharko luke Hernanik Play Offa; Pozuelo jaitsi egingo litzateke; eta Gernika mantendu. Beraz, hemendik liga bukaerako erronka nagusia da, azken bi postuak atzean utzi, eta 10garrenetik gora, denboraldia lasai bukatzea.