Giro ederra jarri eta maila bikaina eman zuten atzo, Hernaniko XI. Txistulari Gazteen Txapelketan aritutako 27 partehartzaileek. Ez zen saririk geratu herrian, baina Enara Arruti, Manex Zabaleta, Ane Telletxea, Julen Beraza eta Peru Garcia (atabalarekin) fin ibili ziren.
Gaur, berriz, Euskal Herriko txoko eta adin guztietako txistulariak elkartuko dira topaketan; 10:00etan dianak joko dituzte, eta 12:30etan ttun-ttuna izango da plazan. Segidan, kalejira eta dantzarako doinuak jarriko dituzte Plaza Berrin (eguraldi txarrarekin, Atsegindegin).
Lehengo urteko irabazleak, baita aurtengoak ere
Atzokoan hiru kategoriatan hartu zuten parte txistulari gazteek. A kategorian, 12 urte artekoenean, sarituak izan ziren, hurrenez hurren: Mikel Gonzalez (Durango), Oier Agirre (Muskiz) eta Xabier Etxaniz (Pasaia). B kategorian, 13-16 urte artekoenean: Gorka Pagonabarraga (Durango), Amaia Eraso (Iruñea) eta Janitz Sorazu (Azpeitia). Azkenik, taldeka, Iruñea taldeak irabazi zuen, eta atzetik sailkatu ziren Bilboko Juan Crisostomo Arriaga eta Iruñeako Maya taldeak.
Lehengo urteko irabazleek irabazi dute aurten ere.