«Pazientzia eta konstantzia ezinbesteko osagaiak dira»

Mikel Aginagalde Ugartemendia 2016ko api. 16a, 02:00

EGILEA: MIKEL AGINAGALDE UGARTEMENDIA


Noiz hasi eta bukatu duzu denboraldia?
Denboraldia maiatzan hasiko dut aurten, nahiz eta lasterketa batzuk burutu ditudan dagoeneko Lanzarote aldetik. Hala ere, aurreneko helburu nagusia, ur­teko helburuetako bat izango dena da Zarau­tzeko triat­loian egotea, ekainaren 11n. Honez gain, beste lau helburu izango ditut: uztaila bukaeran Alphe Duezeko triatloia; abuztuaren 28an Fran­tzian Ironmana; irailan Lan­za­roteko Ironman erdia; eta azaroan Malasiako Ironmana.
Helburua da, 2017an Ha­waiieko Ironman munduko txapelketan egotea, profesional ma­ilan. Mundu guztitik 55 lehiakide joaten dira.

«Hurrengo erronkak dira: Zarautzeko Triatloia irabaztea eta 2017an Hawaiko Munduko Txapelketan lehiatzea»

Zein da 2015aren balorazioa?
Pasa den urtea ez zen batere ona izan. Haustura bat izan nuen martxoan eskapulan eta irailean amigdaletatik operatu behar izan nuen. Urte guztian txapelketa bakarra egin nuen.

Eta nola egiten zaio aurre halako urte bati?
2015 urtea esan bezala ez zen batere ona izan. Gehiago espero nuen, baina egoera hala suertatu zen. Horre­lako urte batek psikologikoki duda ugari sortzen dizkizu eta honi buelta ematea zaila izaten da. Zerbait haundia lortzeko, norberak bere burua ondo ikusi behar du; burua ez badago egon behar duen moduan, ez dago ezer lortzerik. Zorionez orain entrenamendu onak ari naiz egiten, eta pixkanaka ari naiz datozen txapelketetarako konfiantza hartzen.

Fisikoki nola aurkitu duzu zure burua?
Esan bezala, nahiz eta joan den urtean ona ez izan, urtetik urtera hobetzen ari naiz; eta horrek indarra ematen dit.

Zeintzuk izan dira aurkari gogorrenak?
Mundu osoan aritu naiz lehiatzen eta kalitate askoko aurkariak izan ditut. Baina aurkari bat aukeratu behar badut Eneko Llanos gasteiztarra da. Berak duen konstantziak eta lasaitasunak lehiatzeko garaian oso zaila egiten du bera gainditzea.

Zein modalitatetan aritzen zara ondoen?
Igeriketatik natorrenez nire puntu fuertea hori da; azken bi urteotan ordea, oso gustura nago korrika lortzen ari naizen mailarekin.  

Zertan hobetu behar duzula uste duzu?
Aurtengo denboraldiri begira,  as­pektu fisikoari dagokionez, lanean ari naiz bizikletan puntutxo bat hobetzeko. Bizikl­e­ta­ren gainean solidoa izatea lortu behar dut.
Baina goi mailako kirolean psikologikoki oreka bat lortzeak lasaitasun eta konfidantza ematen dizu, behar den lana nola eta noiz burutzeko. Orain ohartu naiz puntu hori lortzen ari naizela, ‘antsietate’ an­tzeko hori alde batera utziz. Halere nigan zertxobait gehiago sinistu beharko nuke, emai­tzek hori erakutsi baitidate.

«Lesio eta operazio baten ondorioz, 2015a ez da batera ona izan. Halako urteek psikologikoki duda ugari sortzen dizkizute, eta buelta ematea zaila izaten da. Zorionez orain entrenamendu onak ari naiz egiten, eta pixkanaka ari naiz datozen txapelketetarako konfiantza hartzen»

Nola, non, norekin eta zenbat orduz entrenatzen duzu?
Normalean 5-6 ordu entrena­tzen ditut egunean. Batzuetan zertxobait gehiago eta besteetan gutxiago. Etxean nagoenean goizetan bizikleta egiten dut, eta normalean beste txirrindulari profesionalekin ate­­ratzen naiz. Arratsaldetan igeriketa eta korrika saioa. Gimnasioa ere sartzen dut as­tean bitan. Astearte eta ostegunetan Anoetako pistara joaten naiz korrikako serieak egitera. Korrika eta igeriketako saioak Donostian egiten ditut.

Kanariar irletan egon zara. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Lau urte daramatzat Lan­zarotera neguan entrenatzera joaten. 2-3 hilabete pasatzen ditut han. Eguraldia eta lekua ezin hobeak dira triatloiko entrenamenduetarako. Kiro­la­rientzako  hotel batean egoten gara (Sands Beach) Costa Teguisen.

Nolakoa izan da  egunerokotasuna Kanariar Irletan?
Normalean 07:45etan esna­tzen gara eta 09:00etan bizikleta hartzen dugu. Eguerdi aldean igeri egiten dugu, eguzki izpiak eta beroa aprobetxatuz, igerileku estali gabeetan igeri egiteko. Bazkaldu ondoren siesta; eta arratsaldeko 17:00­etan korrika saioa. Eguna bukatzeko ariketa ezberdin batzuk (posturalak, fit-ball...) gimnasioan eta 20:30etan afaltzera. Luzaketa batzuk eta 23:00etan ohera.

Elikadura aldetik, zer jaten duzu? Dieta bereziren bat jarraitzen al duzu?
‘Jaten duguna gara’ esaldiari erre­paratu nahiko nioke. Egun gizartea ez da batere ondo elikatzen, ez dugu barneratua ongi jatearen kultura. Zeharo galdu dugu perspektiba arlo honi dagokionean.
Txapelketak gerturatu aha­la janaria geroz eta gehiago kon­trolatzen dut. Luze joango litzateke zer jaten dudan edo zer ez azaltzea. Laburbizduz gor­­putzak behar duena jaten dut, hau da, entrenamendu motaren arabera, gauza bat edo beste bat jaten dut.
Azukrea duen ezer ez dut jaten (galletak, pastelak, txokolatea, helatuak..) txerria ere ez, haragi gorria astean behin, 6-8 pieza fruta egunean (he­mendik ateratzen dut gorpu­tzak behar duen azukrea), astean 2-3 egunetan arraina, arroza maiz, barazkiak eta en­tsalada egunero, oilaskoa, eta zerealak egunero. Esnea ere ez dut hartzen.
Pasta ere oso gutxitan ja­ten dut, agian astean behin. Jendeak uste du pasta asko jan behar dela, baina gaur egungo pastek irin refinatua du­te eta ez dira oso osasun­ga­rriak. Pasta ordez patata jaten dut.

Zer da triatloi proba batean garrantzitsuena zure ustez?
Pazientzia eta konstantzia. Bai entrenamenduetan eta baita txapelketetan ere. Noski honetaz gain, hanka onak izatea eta hiru arlotan oreka bat izatea. Irabazteko lehena joaten ere ikasi beharra dago. Ba­dira teoria batzuk esaten du­tenak Hawaiiko Ironmana ira­bazteko iraganean mo­me­ntu zailak pasatzea ezinbestekoa dela.

Entrenatzailerik ba al duzu?
Bai, Javier Orbañanos Gasteiz­tarra; Inefeko Irakasle da.

Nola lortzen duzu finantzaketa? Babeslerik ba al duzu? Zein?
Gaur egun beste lanetan bezala ez dago erraz asunto hau. Baditut patrozinatzaile batzuk (Orbea, Orca, Sands Beach, Adidas) eta nire kluba Atletico San Sebastian. Hauek normalean bonusen bitartez ordain­tzen digute, hau da emaitzen arabera. Klubak ere bidaiatzeko diru bat uzten dit. Baina, batez ere, frogetan dagoen dirutik lortzen dugu finantzaketa, postu onak eginez.

Gaur egun bizi al daiteke triatloietik?
Ona baldin bada bat, eta emaitza onak baditu bai. Nire kasuan triatloitik aparte jendea entrenatzen dut eta gazteen talde bat eramaten dut Donostian. Beti esan dut, hala ere, triatloia apustu ekonomikoa baino apustu erromantikoa dela.

Zer eman dizu triatloiak? Kendu?
Galdera hau askotan egiten didate eta uste dut erreflexio txiki bat merezi duela. Eman gauza asko eman dizkit, bizimodua, lagunak, hainbat leku ezagutzeko aukera, borroka­tzeko ahalmena, helburuak zehaztu eta beraiengana jotzeko disziplina, negarra, mo­mentu zailak, lesioak, irrifarrak... eta abar luze bat.
Kendu, ez dit ezer kendu. Tranpa litzateke kentzearen puntua onartzea. Nik egin dut hautua eta nire eskutan dago patua. Bizitzan ezin dugu dena eduki, badirudi zerbait egiteko bestea uzten duzula eta hori ez da egia. Gauza bat egiten duzu baina bestea ez duzu galtzen, hor dago koska.

Noiz arte ikusten duzu zeure burua triatleta gisa?
Urtez urte noa. Nork daki hau izango den azken urtea edo beste bost iraungo ditudan. Gogoz nabil orain eta horri eutsiko diot.

Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?
Bi dira nagusiak. Lehenengoa Zarautzeko triatloia irabaztea; (Ekainaren 11n) eta bigarrena, 2017an Hawaiiko Munduko Ironmanean lehiatzea.

Nola ikusten duzu triatloiarekiko zaletasuna Hernanin?
Orain dela hamar urte hasi nintzen eta nabaria da kirol honek izan duen igoera. Gutxi batzuk ginen oraingoekin al­deratuta. Hernanin ere taldea sortu da eta jende asko ikusten da entrenatzen. Tria­tlo­iaz gain, geroz eta jende gehiago animatzen da kirola egitera, eta horrek poza ematen du.

PALMARESA
• Lehenengo postua Distantzia Ertaineko Espainiako Txapelketan. Caceres 2013
• Lehenengo postua Distantzia Luzeko Espainiako Txapelketan. Ibiza 2013
• Hirugarren postua IRONMANean. Gales 2014
• Zazpigarren postua Cozumel IRONMANean. Mexiko 2013
• Hirugarren postua Distantzia Luzeko Europako Txapelketan. Finlandia 2012
• Lehenengo postua Espainiar Selekzioarekin Distantzia Luzean Europako Txapelketan. Finlandia 2012
• Seigarren postua 70.3 Txapelketan. Lanzarote 2014
• Bigarrren postua ITU Long Distance Triathlon WorldSeries. Ibiza 2011

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!